"Bagoaz!" halaxe izena du Esne Beltza taldekoek 2013ko martxoan ospatuko den Korrikaren 18. ediziorako sortu duten abestiak. Abestia bakarrik ez, sarean jada ikusi eta entzun daitekeen bideoklipa ere kaleratu dute. Joan den astean aurkeztu zuten, ez bakarrik abesti berria, baita Korrika 18ren arropa eta osagarriak. Material guztia, Donostia Korrika dendan aurkituko duzue, Aldamar kalea 1.go zenbakian. Ostegun eta ostiralean zabaltzen dute denda, arratsaldez, 17:00-20:00 artean. Baita larunbat goizez ere, 10:30-13:30 artean. Iragarri dutenez, saltokia egunero irekiko dute eguberrietan. Inguruotan leku gehiagotan ere lortu ahal izango da Korrika 18ren materiala: Urbil mertakalgunean, Lasarteko Urrutzola dendan (Kale Nagusia, 42) edota Orion, Itziar Kirolak dendan (Eusko Gudariak 23).
Saltokietara jo beharrik izan gabe, antolatzaileek berri eman dutenez, Internet bidez ere erosi daiteke Korrika 18ren materiala. Euskal Herriko Plaza web gunearen bidez. Honatx, helbidea: http://www.euskalherrikoplaza.com/ekoizlea/korrika18
Korrikak laguntzaileak behar ditu
Euskal Herria alderik alde zeharkatuko duen Korrika 18, martxoaren 14an abiatuko da Andoainen eta hamar egun beranduago helduko da helmugara, oraingoan, Baionara. "Eman euskara elkarri" lemapean, euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren ikasle guztiak omendu nahi dituzte, "bere ahaleginarekin euskaraz bizi ahal izatea ahalbidetzen, eta beraz, elkarbizitzarako aukerak sortzen ari direlako".
Ohi bezala, Korrikak laguntzaileak behar ditu. "Korrika bera aurrera eramateko ezinbestekoa da Korrika laguntzaileek osatzen duten sostengu sarea", adierazia dute antolatzaileek.
Laguntzarako deia egina dute: "Korrikak laguntzaileak behar ditu. Tamaina honetako kanpaina batek, herriaren eta herritar bakoitzaren laguntza ekonomikoa behar du aurrera egiteko. AEKn eta Korrikan bi urterik behin eskatzen dugun esfortzu ekonomikoa ez dela makala hainbat herritarrentzat eta, horretxegatik, saiatu izan gara beti laguntza hori nola edo hala “bueltatzen”. Horregatik ematen diegu laguntzaile egiten diren guztiei Korrika laguntzaile pin-a eta Euskal Herriko 300 komertzio baino gehiagotan beherapenak ahalbidetzen dituen txartela. Gure esker ona adierazteko modu xume bat baino ez da. Baina bene-benetan garrantzitsua zera da: bi urterik behin, 12 euroren truke, (50 zentimo hilean) KORRIKA LAGUNTZAILEA izatea".
Antolakuntzak laster emango du ezagutzera, Korrika 18ren ibilbidea, baita aurretik ospatuko den Korrika Kulturalaren egitaraua ere. Bitartean, Korrika 18ri buruzko informazioa noiznahi, korrika.org atarian.