Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka, abenduaren 6tik 9ra

Noaua Aldizkaria 2012ko abe. 3a, 00:00

Ate joka dugu jada, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka. 47. edizioak ostegun honetan zabalduko ditu ateak, abenduaren 6an. Igandera arte, hilaren 9ra arte izango da zer ikusi, entzun eta zer erosia Landako gunean. Gerediaga elkartetik datorren azoka honi loturiko zenbait zenbaki aurreratu dituzte jada. 300dik gora ekitaldi ospatuko dira Durangon. 400 nobedade baino gehiago aurkeztuko dira, ikusgai izango diren 253 standetan. Benito Lertxundik jasoko du aurtengo Argizaiola Saria. Azokako 47. edizio honetako gonbidatua berriz, Kultura Ijitoa izango da. Besteak beste, flamenkoa, txalaparta eta bertsoak uztartuko dituen ikuskizuna prestatzen dabiltza. Abenduaren 7an eskainiko dute, Plateruenean. Aipatu kafe antzokiko emanaldiak Azokaren egitarau ofizialaren parte izango dira aurten. Honez gain, Gerediaga Elkarteak azokako gune berriak indartu eta finkatu nahi ditu; Irudienea, Szenatokia edota K@bia guneak. 88 emanaldi iragarri dituzte, Ahotsenea gunean. Gune guztiotako egitaraua eta azokari buruzko informazio gehiago, durangokoazoka.com web orrialdean duzue.

Euskarazko Produktuen Katalago berria, gida egokia
Aste honetan ospatuko den Durangoko Liburu eta Disko Azokan zer erosi erabakitzen laguntzeko gida ezin hobea kaleratu ohi dute urtero; Euskarazko Produktuen Katalogoa. 

Aurreko edizioen ildotik, katalogo berri hau ere, hamabosgarrena, 0-16 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduriko produktuez osatu da. Produktu bakoitzaren ondoan, irudi baten laguntzaz, ezaugarriak edota gutxi gorabeherako prezioak ageri dira. Produktu guztiak zortzi ataletan sailkatu dituzte: musika, filmak, informatika, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala. Guztira, 140.000 ale banatuko dira. Hortik, sorta bat Usurbilen noski. Papereko bertsioarekin batera, noiz nahi euskarazko produktuen eskaintza eguneratzen duen web orrialdea ere hor dago: www.katalogoa.org. Bertatik ere, katalogoaren paperezko bertsioa eskuratu liteke.

Hamabosgarren ediziora heldu den katalogo berria kalean da jada. Nafarroako udal batzuen iniziatibaz 1998an abiaturiko egitasmo honekin bat egiten joan dira erakunde desberdinak. Egun, udal, Mankomunitate, Foru Aldundi edota Jaurlaritzaren artean, guztira 135 entitatek parte hartzen dute. Horien artean, Buruntzaldeko Udalek eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA). Bi bilguneotako kide da Usurbilgo Udala. 

Katalogo honen kaleratzeak behar bati erantzuten dio. "Erdarazko eta euskarazko produktuen eskaintzan gertatzen den lehia desorekatu horri aurre egiteko, eta euskarazkoen kontsumoa eta erabilera indartzeko, euskarazko produktuen kontsumoak sustapena eta bultzada behar du, herritarrak informatu eta euskarazkoen aldeko urratsa egitera animatuko dituen ekimenak behar dira", diote egitasmo honen eragileek.