Gaurko Euskararen Nazioarteko Egun honen bezperatan, milaka lagun batu zituen larunbatean, Kontseiluak Donostian deitutako manifestazioak. Hotzari aurre eginez, Anoetako futbol zelai parean hasi eta Bulebarrean amaitu zen mobilizazioan euskaraz bizitzeko nahia adierazi zuten herritarrek. Euskaraz lan egin, hitz egin, gozatu edo jolasteko nahia. Antolatzaileek, herenegun Gipuzkoako hiriburuan burutu zen manifestazioa herri gogoa berraktibatzeko inflexio puntua izango dela diote. Egun berean lau urte lehenago zendu zen Mikel Laboaren abestiak entzungai izan ziren manifestazioan zehar eta mobilizazio amaieran, haren abestietako bat ere jo zuten: "Gure hitzak".
Erabaki ausarten beharra
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok manifestazio amaieran zioenez, "gure garaia iritsi da, lagunok, euskaraz bizi nahi dugunon garaia. Eta horretako formula magikorik ez dago, pasioa, determinazioa eta lana baizik. Gutako bakoitzak geure burua bihurtu behar dugu eragile. Hemen bildu garenetako bakoitzak, zuotako bakoitzak, aukera du eragile bihurtzeko, euskaraz biziz eta euskaraz bizitzearen arabera jardunez. Parte hartzen dugun gune guztietan gure nahia mahai-gaineratuz, ikusgarri bihurtuz".
Era berean, arduradun politikoei euskaraz bizi ahal izateko erabaki ausartak hartzera deitzen dituzte. "Lehenik eta behin euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa bermatzeko politikak behar dira; eta lasai egon daitezela, erabaki zuzenak hartuz gero, euskalgintzak tresnak prest ditu, urtetan gure herritarrak euskaldundu dituzten tresna eraginkorrak. Bestetik, euskararen erabilera bermatzeko espazioak sortu eta hedatzeko erabaki irmoak hartu behar dituzte, eta hor ere, lasai, tresnak badaude, baditugu. Eskarmentu handia du euskalgintzak espazioak euskalduntzen. Hartara, erabakiak behar dira, eta hor ere hizki larriz esan behar dugu: erabaki ausartak”, adierazi zuten Donostian.
Irudia: Kontseilua.