Gobernu taldea: "Usurbil bezalako herri euskaldunak nahi ditugu Euskal Herri osoan"

Noaua Aldizkaria 2012ko abe. 3a, 00:00

Euskararen Nazioarteko Eguna astelehen honetan, abenduaren 3an. Egun honi begira, Usurbilgo Udaleko gobernu taldeak adierazpena kaleratu zuen ostiralean. Batetik, larunbatean, "Euskaraz bizi nahi dugu" lemapean Kontseiluak Donostian deitu zuen manifestaziora joateko gonbita luzatzen zieten herritarrei. Eta bestetik, Euskararen Nazioarteko Egun honi buruz mintzo ziren. Hona hemen testua, bere osotasunean: 

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospartzen da. Urtero, gure hizkuntzaren aldeko aldarrikapenak egiteko egun sinboliko bihurtu da. Egutegian gorriz azpimarratua dagoen egun bakarra izan ordez, urteko egun guztiek gogorazi beharko ligukete euskararen eguna ez dela abenduaren 3a bakarrik: egun orok izan beharko lukeela euskaraz bizi eta hitz egiteko eguna.

Usurbilgo herria Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) partaide da. Usurbilen euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzen zaigu. Esparru publiko nahiz pribatuan gure hizkuntza erabiltzeko eskubidea dugu usurbildarrok.

Zoritxarrez, euskaraz bizitzeko eskubidea ez da Euskal Herri osora zabaltzen. Iparraldean, esaterako, euskarak ez du berezko estatusik. Nafarroan aldiz, kolonizazio garaikoak diruditen marra imaginario batzuek bereizten dituzte euskaraz bizitzeko aukerak.

Bide luzea du euskarak aurretik; beti oztopoz betea datorren bidea. Baina euskaldun guztion lana da euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzea. Dena den, gure lehen egitekoa euskara bera esparru guztietan erabiltzea da; gugandik abiatuta, euskararen haize freskoak zirimola sor dezan Euskal Herri osoan.

Aspalditik gatoz eta urrutira goaz: gure lehen betebeharra da euskararen haize freskoak zirimola sortzea Euskal Herri osoan.

Usurbilgo Udal Gobernu Taldeak bat egiten du bihar, abenduak 1, Kontseiluak Donostian “euskaraz bizi nahi dugu” lelopean antolatu duen manifestazioarekin. Era berean, usurbildar guztiei bertaratzeko deia egiten diegu, gurea den hizkuntzan bizitzeko eskubidea guztion artean aldarrika dezagun.

Usurbil bezalako herri euskaldunak nahi ditugu Euskal Herri osoan. Euskaraz bizitzeko eskubidea Aturritik Ebrora zabal dadin aldarrikatu nahi dugu, euskaldun guztiok gure hizkuntza erabiltzeko eskubidea bermatua izan dezagun.

Usurbilen, 2012ko azaroaren 30ean.
Usurbilgo Udal Gobernu Taldea