Mobilizazioetan parte hartzera deitu du Usurbilgo Herrirak

Noaua Aldizkaria 2012ko abe. 3a, 00:00

Ramon Uriberi Parot doktrina aplikatu diotela jakin bezain laster, urgentziazko prentsa oharra kaleratu du Usurbilgo Herrirak, gertaturikoa gogor salatu eta herritarrak mobilizazioetara deitzeko. Hona hemen, kaleratu duten testua bere osotasunean:

"Hemezortzi urte eta erdi espetxean igaro ostean, gaur aske geratu behar zen RAMON URIBE NAVARRO gure herrikideari 197/2006 dotrina ezarri diote.

Ines del Río euskal presoaren kasuarengatik uztailean Estrasburgoko Auzitegiak Estatu espainola kondenatu zuenetik, lehen aldia da aplikatzen dutena.

Usurbilgo Herrirak gogor salatzen du bahiketa berri hau eta herritarrak mobilizatzera deitzen ditu. Gaurko ongi-etorria herri-asanblada eta protesta zaratatsua bilakatuko da. Horrenbestez, zatozte denok arratsaldeko 19.30tan frontoira Ramonen eta gainerako preso bahituen askatasuna exijitzera".