Ramon Uriberi Parot doktrina aplikatu ziotela jakin zen egun berean, ongi etorri ekitaldia behar zuena, salaketa eta elkartasun mobilizazioan bihurtu zen atzo iluntzean. 19:30en bueltan Mikel Laboa plaza ingurua jendez bete zen. Ramonen senide, lagun eta hainbat eta hainbat herritar gerturatu ziren, frontoi ondoan deitua zegoen hitzordura.
Espetxe zigorra jada betea izan arren, kartzelan segitzen duen usurbildarraren egoerari buruzko zehaztasunen berri eman zuten Usurbilgo Herrira bilguneko ordezkariek. "Ramon askatu. Bizi arteko zigorrik ez" aldarria jasotzen zuen pankartaren inguruan bildu ziren herritarrek, Uribe bizitzen ari den egoera bidegabea noraino heltzen den, horren lekuko izan ziren. Hain zuzen, azken orduan, Mikel Laboa plazako mobilizazioa hasi eta gutxira, orduan jakin berri zen, azaroaren 29az geroztik Uriberi Parot doktrina aplikatua ziotela, eta "agindua finkoa zela". Atzo, gogoan izan, abenduak 3 zituen eta espetxe zigorra beteta inork ez zekien ziur, ezta Ramonek berak espetxeratuta jarraituko zuen ala ez.
Helegitea aurkeztu dute
Usurbilgo Herrirak hain zuzen, atzo espetxe zigorra beteta, oraindik inork ezer ez jakitea salatu zuen. Ez kartzelan, ezta senideek ere. Hara joandako senitartekoak hain zuzen, "zoritxarrez bakarrik etorri behar izan dute" salatu zuen Usurbilgo Herrirak.
Parot doktrina aplikatu diote Ramon Uriberi, baina horren aurrean errekurtsoa aurkeztu dela berri eman zuen Usurbilgo Herrirak. Erantzuna jakiteko ordea oraindik denbora pasako dela adierazi zuten. Martxora arte gutxienez itxaron beharko dela zioten eta argitzeke dauden "beste 80 sententziei eragingo dien edo ez, ez dakigu". Ines del Rio euskal presoaren kasuaren ostean, preso bati Parot doktrina aplikatu dioten lehen aldia da hau. Uriberekin gertatzen ari dena salatu zuten bertaratutakoek. Ondoren, aldez aurretik eginiko deialdiari erantzunez, manifestazio zaratatsua burutu zen Kaxkoko kaleetan barrena. Frontoian amaitu zen mobilizazioa, hurrengo egunetarako deituak dauden hitzorduak iragarriz. Ramon Uribek berak kartzelatik, senideen bidez zabaldu nahi izan zuen mezua Mikel Laboa plazan hedatu zen atzo; irribarra ez galtzeko eta borrokan segitzeko mezua hain zuzen.