Ez zuten irabazterik izan, baina gertu izan ziren. Joan den ostiralean ospatu zen Banden Lehia 2012 txapelketako finala, Azkue Fundazioak, euskal musika talde amateurrik onena saritzen duen txapelketaren laugarren edizioaren amaiera hain zuzen. Lau musika talde heldu ziren azken txanpara; The Crazy Wheels, Malder, Herri Oihua eta haiekin, talde usurbildar bat, Odolaren Mintzoa. Azkenean ordea, Herri Oihuak irabazi zuen txapelketa. Odolaren Mintzoa taldekoek Facebook bidez eskerrak eman nahi izan dizkie, finala irabazteko azaroaren 30ean bozkatzen aritu zirenei. "Eskerrik asko ostiral gauean dei egin zenuten guztiei!!!!!! Ez zen posible izan baina oso gustura gaude, ia 2000 dei jaso genituen!!! Zorionak Herri Oihuari!", adierazi dute Luken Arkarazok, Beñat eta Joanes Txuekak eta Jokin Irastorzak. Aintzakotzat hartzekoa da gainera, epaimahaiak hautatuta heldu zela musika talde usurbildarra, Banden Lehia 2012 txapelketako finalera.