Ramon Uriberen eta atzo baita aske behar zuen Juan Ramon Rojo preso irundarraren egoerak salatu dituzte Etxeratek eta Ezker Abertzaleak. Rojoren kasuan gainera, hartu beharreko erabakia abenduaren 12ra arte atzeratu dutela berri eman du Etxeratek:
Etxerat: "Espainiako gobernuari beste behin zigorra beteta duten gure senide eta lagunak aske uzteko exijitu nahi diogu"
Ramon Uriberen, baina atzokoan aske behar zuen Juan Ramon Rojo irundarraren egoera ere salatu du Etxeratek. Rojok atzo behar zuen aske, baina bere kasuaren inguruko erabakia abenduaren 12ra arte atzeratu dutela salatu du Etxeratek. Hona hemen, bi preso hauek bizi duen egoeraren inguruan egin duten balorazioa:
"Gaurko, 2012ko abenduaren 3rako Ramon Uribe Navarrok eta Juan Ramon Rojo Gonzalezek irteera data bezala finkatua bazuten ere, biek espetxean jarraitu beharko dute.
Ramon Uribe usurbildarraren kasuan, berak gaurko finkatua zuen irteera data, baina 197/2006 doktrina aplikatu diote, zigorra 2024ko maiatzaren 24ra arte luzatu diotelarik. Hau da bizi osorako espetxe zigorrera kondenatu dute. Gainera, Espainiako Auzitegi Nazionalak Estrasburgok Ines del Rioren kasuaren inguruan emandako ebazpenaren ostean lehen aldiz aplikatu dio 197/2006 doktrina euskal preso politiko bati.
Juan Ramon Rojo irundarraren kasu bereziagoa da. Izan ere, bere espetxeko irteera data gaurkoa zen, baina, 197/2006 doktrina aplikatu ala ez dute gaur erabaki, bere kasuaren inguruko erabakia abenduaren 12ra arte atzeratuz. Baina, bitartean espetxean mantentzeko erabakia hartu dute 197/06 doktrina de fakto aplikatuz. Erabaki honek izugarrizko larritasuna du. Zigorra luzatu diote, eta espetxean mantentzen dute, bere kasuaren inguruko erabakirik egon ez arren. Prozedura hau ez da ohikoa, eta argi erakusten du presoak une honetan duen babesgabetasuna. Juan Ramon Rojo bahituta baitute espetxean, bere egoeraren inguruko erabakirik hartu gabe.
Etxerat elkartetik bereziki larria eta salagarria iruditzen zaigu Juan Ramon Rojorekin egin dutena, bahituta baitute espetxean. Gure senide eta lagunei bizi osorako espetxe zigorra aplikatzen diete, eta Espainiako Justiziak horretarako baliatzen du 197/2006 doktrina. Era berean, senideoi aplikatzen zaigun kondena ere beste urte askoz luzatzen delarik. Egun gure senideek pairatu behar duten salbuespenezko espetxe politika nahikoa ez eta beste ezohiko prozedura batzuen bidez ere espetxean mantentzen dituzte.
Uztailean Estrasburgok Ines del Rioren kasuaren inguruko ebazpena eman zuenean, 197/2006 doktrinaren inguruko irakurketa bat ere egiten zuen, eta bertan 197/2006 doktrina aplikatuz gure senide eta lagunen oinarrizko eskubideak urratzen zirela azpimarratzen zen; horregatik, berehala desagertu behar zuela ere aipatzen zen bertan. Baina, argi dago Espainiak guztiz aurkakoa den jarrera bat hartu duela, eta Estrasburgok emandako ebazpena ez onartzeaz gain, 197/2006 doktrina aplikatzen jarraitzen duela eta jarraituko duela argi utzi nahi du. Honela, gure senide eta lagunen oinarrizko eskubideak urratzen jarraitzeko asmo osoa azaldu du, eta era berean, senide eta lagunoi ere guk bizi dugun zigor bikoitza ere aplikatzen jarraitzeko asmoa du. Horrek dituen ondorio gordin eta bidegabeei muzin eginez.
Honenbestez, Etxerat elkartetik Espainiako gobernuari beste behin zigorra beteta duten gure senide eta lagunak aske uzteko exijitu nahi diogu, euren eskubideak eta gureak errespeta daitezen. Eta bide batez, Estrasburgok hartutako erabakia bete eta Ines del Rio eta doktrina aplikatuta duten eta espetxean mantentzen dituzten beste 65 presoak aske uzteko ere exijitu nahi diogu".
Ezker Abertzalea: "Euskal Herriaren aro politiko berriarekin inolaz ere ez dator bat"
dgdfg Balorazio gehiago, kasu honetan, Ezker Abertzaletik jasotakoa. Parot doktrina ezartzen jarraitzea larri eta salagarritzat jotzen dute. Indarrak metatzen eta mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute, web orri bidez zabaldu duten balorazio honetan:
"Ezker Abertzaleak Ramon Uribe preso politikoari zigor luzapena ezarri izana baloratu du:
- Ezker Abertzalearen iritziz guztiz larria eta salagarria da Espainiako estatuak 197/2006 dotrinaren ezarpenekin jarraitzea.
- Lehenengo eta bat, kartzela zigor gehigarrien aplikazioa giza eskubideen urraketa larria delako, Oinarrizko Giza Eskubideen kartaren beraren aurka doana, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak pasa den uztaileko sententzian argi utzi zuen bezala.
- Parot dotrina irregularra da, giza eskubideen bermea urratzen duelako. Horrela zioen sententziak. Baina Espainiako estatuak muzin egiten dio Europako Auzitegiari, muzin egiten dio Nazioarteko Zuzenbideari eta baita Giza Eskubideen Deklarazioari ere. Ez bakarrik ez du betetzen Estrasburgok ebatzitakoa, oraindik ez dela behin-betiko sententzia aitzakia merke gisa erabilita. Orain, beste pauso bat are larriagoa eman du, beste preso bati ere zigor luzapena ezarrita.
- Bakearen kontrako norabidean emandako pauso guztiz larria da Parot dotrinaren ezarpenarekin tematzea. Indarkeriazko erabakia da, giza eskubideen urratzailea. Politikoki, berriz, Euskal Herriaren aro politiko berriarekin inolaz ere ez dator bat.
- Bakearen etsaiek, konponbide demokratikoari eta bakeari berari beldur diote. Eta Ezker Abertzaleak oso argi dauka modu bakarra dagoela beraien gerra estrategia horri aurre egiteko: indar metaketan sakontzea, eta PPren gobernuari ikusaraztea bakearen kontrako norabidean bakarrik geratzen ari dela. Eragile politiko eta sozialen zein herritarren inplikazioa biderkatzea behar-beharrezkoa da horretarako, ekimen eta mobilizazioen bidez.