Jada aske behar zuen arren, Parot doktrina aplikatzearen ondorioz espetxeratuta jarraitzen duen Ramon Uriberen egoera salatu du Mertxe Aizpurua alkateak, NOAUA!ra igorri duen adierazpenaren bidez. "Usurbilgo alkate bezala, krudelkerian eta mendekuan oinarritutako erabaki hau salatu nahi dut", adierazi du. Euskal preso politikoekiko Espainiak mendekuaren irizpidea baino ez duela kontuan hartzen salatu du. Hemen, Usurbilgo Udaleko alkatearen adierazpen osoa:
Ramon Uribe euskal preso usurbildarrak, 18 urteko espetxe zigorra bete ondoren, gaur kalean aske behar zuen. Berriro, ordea, Gobernu espainolak, Estrasburgoko sententziari muzin eginez, bizi osorako kartzela zigorra bilatzen duen "Parot doktrina" ezarri dio.
Justizia eta mendekua ez dira inoiz izan bategarriak, eta gaur egun Euskal Herriak bizi duen egoera berrian, are gutxiago. Tamalez, Ramon Uriberen aurka hartu den neurri honek berriro agerian jarri du Espainiak mendekuaren irizpidea besterik ez dutela aintzat hartzen euskal preso politikoen gaiari heltzeko unean.
Usurbilgo alkate bezala, krudelkerian eta mendekuan oinarritutako erabaki hau salatu nahi dut. Eta nirea ere egiten dut Ramon Uribe berak, egoera honen aurrean, bere senideen bitartez usurbildar guztiei zabaldu nahi izan duen mezua: Irrifarra eta borroka!
Mertxe Aizpurua
Usurbilgo alkatea
Usurbilgo Herrira: "gogor salatzen dugu bahiketa berri hau"
Ramon Uriberi Parot doktrina aplikatu diotela jakin bezain laster, urgentziazko prentsa oharra kaleratu zuen Usurbilgo Herrirak, gertaturikoa gogor salatu eta herritarrak mobilizazioetara deitzeko. Hona hemen, Usurbilgo Herrira bilgunearen testua, bere osotasunean:
"Hemezortzi urte eta erdi espetxean igaro ostean, gaur aske geratu behar zen RAMON URIBE NAVARRO gure herrikideari 197/2006 dotrina ezarri diote. Ines del Río euskal presoaren kasuarengatik uztailean Estrasburgoko Auzitegiak Estatu espainola kondenatu zuenetik, lehen aldia da aplikatzen dutena. Usurbilgo Herrirak gogor salatzen du bahiketa berri hau eta herritarrak mobilizatzera deitzen ditu".