Espetxe zigorra beteta, astelehenean aske behar zuen Ramon Uribe herritarrari Parot doktrina aplikatu ostean, kartzelan jarraitzen du. Bere egoera salatzeko hainbat ekimen eta mobilizazio deitu dira egunotarako. Tartean, gaur arratsaldeko 18:00etan ezohiko osoko bilkura deitu dute, Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan. Bertan, Usurbilgo Herri Batzarrak mozio bat aurkeztuko du, udal ordezkariek tratatu eta bozka dezaten.
Testuak hiru puntu nagusi biltzen ditu, udalbatzak hiru erabaki hartzea proposatzen dute: Espainiako Gobernuari preso eta senideen giza eskubideak errespetatzen dituen espetxe politika aplikatzea; Europako Giza Eskubideen Epaitegiak joan den uztailean emandako epaia bete dezatela eskatzea, eta honenbestez, Ramon Uribe eta beste 66 preso aske uztea; eta azkenik, usurbildarrak bakearen eta giza eskubideen errespetuaren aldeko lanean inplikatu daitezen animatzea.
Eskaera hauen aurretik, Uribe atxilotu zutenetik gaur egun arte, usurbildarrak bizi izan duen egoera jasotzen du mozioak. Baita herenegun gertaturikoa ere. Parot doktrina aplikatu diotenez, espetxe zigorra 2024. urtera arte luzatu diotela gogorarazten du testuak. Hau da, beste 12 urtez. Salbuespen neurriok desagertzea eskatzen da mozioan.
Aipatu moduan, gaur arratsaldeko 18:00etan irakurriko da testua, Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan deitua dagoen ezohiko osoko bilkuran. Testua tratatu eta bozkatu beharko dute udal ordezkariek.
Prentsaurreko erraldoia bihar
Herritarrak gaurko osoko bilkurara joatera deitzen dituzte, baita datozen egunotan burutuko diren gainerako ekimenekin bat egitera ere. Bihar, prentsaurrekoa deitu dute 12:30etan frontoian. Herritarrei gerturatzeko gonbita luzatzen diete. Beste hainbeste, etzi, ostiral iluntzeko 19:00etan frontoitik abiatuko den manifestaldira ere. Hona hemen, egunotarako antolatu dituzten hitzorduak:
Abenduak 5, asteazkena
18:00 Ezohiko osoko bilkura Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan: mozio aurkezpena.
Abenduak 6, osteguna
12:30 Prentsaurreko erraldoia frontoian.
Abenduak 7, ostirala
19:00 Manifestazioa frontoitik abiatuta, "Ramon askatu! Bizi arteko zigorrik ez!" lemapean.