VI. Jostailu Azoka, abenduaren 15ean

Noaua Aldizkaria 2012ko abe. 5a, 00:00

“Nire zuretzat, zurea niretzat… aizu, tori eta ekarri hori!” lemapean, VI. Jostailu Erabilien Azoka antolatu du Hitz Aho Udarregi Ikastolako Gurasoen Elkarteak, abenduaren 15erako. Urtero moduan ordea, azokarako jostailuak aldez aurretik jaso asmo dituzte. Hilaren 12tik 14ra, 17:00-19:00 artean Sutegiko erakusketa aretoan. Azoka egunean, ikusgai dauden jostailuak norberak etxetik eramandakoekin trukatu ahal izango dira. Jostailuen berrerabilera sustatzea baita ekimen honen helburu nagusia. Azoka honetan parte hartzeko zenbait baldintza bete behar direla gogorarazten du antolakuntzak:

-Jostailuak osorik egon behar dute. Norberari hartzea gustatuko litzaioken moduan.

-Bilketa egunetan jasotzen dena musutruk emango da. Horren truke, nahi izanez gero, txartel bat jasoko du bakoitzak azoka egunean beste jostailuren batengatik aldatzeko.

-Azoka egunean jostailuak trukatzeko 8 urtetik beherakoek arduradun batekin parte hartu beharko dute.

-DVD eta antzekoek jatorrizkoak izan beharko dute. Azokaren bukaeran geratzen diren jostailuak beharra duten erakundeetara bideratuko dira.