Bide bazterrak txukuntzeko deia, biharko Herria Garbi II. Egunean

Noaua Aldizkaria 2012ko abe. 5a, 00:00

Goizeko 8:30etarako frontoian finkatu dute hitzordua Itayak, Usurbil Zero Zabor taldeak, Andatza Mendizale Elkarteak eta Usurbilgo Udalak. Eskularruekin herritarrak bertaratzera deitzen dituzte. Helburua, auzolanean, "herriko bide bazterrak garbitzea da asmoa, izan ere bide dezente dira plastikoz, botilaz eta mota guztietako zaborrez beteak daudenak”. Ekimenaren bigarren edizioa da aurtengoa. Iaz, uholdeak izan eta hilabetera burutu zen estreinakoz, Herria Garbi Eguna. Orduko hartan, Zumartegi industrialde inguruko ibai ertzak garbitzen aritu ziren. Egun hartakoa da, ondoko argazkia.

Kutsaduraren aurkako elkarretaratzea, Mikel Laboa plazan
Etzirako bestalde, azken hileotan bezala, Itaya Gazte Asanbladak deituriko kutsaduraren aurkako elkarretaratzea burutuko da. Ostiral iluntzeko 20:00etan, Mikel Laboa plazan.