Hurbilago Usurbilgo Merkatarien eta Ostalarien Elkarteko saltoki eta jatetxeetan xahutzeko 300 euroko erosketa-balea irabazi dute Agus Martinez eta Haritz Jauregi herritarrek. Saria zozketa bidez egokitu zitzaien, joan den igandean, abenduaren 2an estreinakoz Kaxkoko bost tabernetan ospatu zen "Tipi-Tapa" ekimenaren baitan. Gogoan izan, Hurbilago elkarteko kide diren Txiriboga, Aitzaga, Bordatxo, Artzabal eta Txapeldun tabernek bakailoarekin eginiko pintxo bereziak prestatu zituzten. 2 euroren truke dasta zitezkeen, urteko ardoa, sagardoa edo txakolinarekin lagunduta. Pintxoak dastatzen zihoanak tabernetan eskuragarri ziren "Tipi-Tapa" txartelean, taberna bakoitzeko zigiluak lortzeko aukera zuen. Bost tabernetan, pintxo bereziak dastatu zituenak, bost zigiluak lortu eta 300 euroko erosketa-balearen zozketan parte hartzeko aukera zuen. Haritzek eta Agusek bezala. Hala egin zuten, eta orain, 1142 zenbakidun txartelaren bi jabeek Hurbilago elkarteko saltoki edota jatetxeetan, nahi duten moduan xahutu ahal izango dute aipatu diru kopurua.
Gainerakoek, saria irabazteko hurrengo "Tipi-Tapa" ekimenaren hitzordura arte itxaron beharko dute. Bost zigilu baino gutxiago dituzuenok, ondo gorde txartela, hurrengo "Tipi-Tapa"n falta zaizkizuenak lortu eta zozketan parte hartzeko modua izango duzue eta. Errege egunean, urtarrilaren 6an ospatuko da bigarren saioa. 2013an zehar, hileko lehen igandeetan burutuko da ekimena, ekainera arte. 300 euroko erosketa-baleen zozketak aldiz, bi hilean behin burutuko dira. Hurrengoa honenbestez, otsaileko lehen igandean. "Tipi-Tapa" ekimenak, estreinako egunean, harrera ezin hobea izan du. Ikusi besterik ez zegoen, Txiribogan, Aitzagan, Bordatxon, Artzabalen eta Txapeldunen zegoen jende mugimendua.