Irtenbideak lantzen jarraituko dute gaur, hezkuntzako parte hartze prozesuan

Noaua Aldizkaria 2012ko abe. 5a, 00:00

Etorkizuneko Usurbilgo hezkuntza eredu bateratua adosteko Usurbilgo Udalak martxan duen parte hartze prozesuko laugarren bilera burutuko da gaur, iluntzeko 18:30etatik aurrera Potxoenean. 

Egungo egoeraren diagnosiari lotutako lehen bi bilerak eginda, bigarren fasean murgidua dago prozesua. Asteazken honetan, abenduaren 5ean, "identifikatutako interes edo beharrei irtenbidea aurkitzeko aukera ezberdinen lanketa" fasearekin jarraituko dute. Lanketa honetarako, guztira hiru bilera antolatu dituzte. Gaurko bigarren saioa, eta azkena, hamabost egun barrurako, hilaren 19rako.

Hezkuntzako parte hartze prozesuko hirugarren eta azken fasean berriz, "erabakitakoa martxan jartzeko eman beharreko pausoak zehaztu eta landu" nahi dira. Prozesuko azken txanpa honen baitan, beste bi bilera burutuko dira, urtarrila eta otsaila artean.

Giro polita eta interes handia
Hezkuntzako parte hartze prozesuan bideratzaile lanak egiten ari den Nicola Foroni, baikor agertu da lehen bi bilkurak burutu ostean. NOAUA!ko astekari honetarako eskaini duen elkarrizketan dioenez, "egindako aurrepausoekin oso pozik gaude". Giro polita sortu dela dio, eta prozesuak interesa piztu duela. "Argi dago, gai honekiko interes handia izan eta egoera aztertu eta bideak aurkitzeko gogo handia dagoela Usurbilen". Gerora begira jarrita gaineratzen duenez, "prozesu honetatik gauza oso interesgarriak aterako direla ziur nago".