Ireki dute, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka

Noaua Aldizkaria 2012ko abe. 6a, 00:00

Gaurtik zabalik da, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka. 47. edizio honetan hau laburragoa izango da, krisiagatik egun bat gutxiago egongo baita irekita, baina eskaintza zabalagoarekin dator. Dena prest dute Landako gunean, bertaratzen direnei harrera egiteko. Azoka, goizeko 10:30etan ireki eta iluntzeko 20:00etan itxiko dute. Igandera arte, abenduaren 9ra arte, 253 erakusmahaietan barrena osteratxoa egiten duenak, 400 nobedade baino gehiagorekin egingo du topo. Gainera, 300 ekitalditik gora izango da egunotan Durangon, zazpi guneetan banatuta: Areto Nagusia, Saguganbara, Ahotsenea, Plateruena, Irudienea, K@bia eta Szenatokia. 

Edizio honetako Argizaiola Saria Benito Lertxundik jasoko du bihar bertan, antolatzaileen esanetan, "60. hamarkadatik hona erreferente izan delako euskal musikaren sorkuntzan eta kulturgintzan, eta Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokarekin lotura estua izan duelako hasieratik".

Ijitoen kulturaren erakuslehio
Bestalde, aurtengo kultura gonbidatua, ijito herria izango da. Euren kultura ezagutzera emateko, "tailerrak eta ipuin kontaketak, flamenkoaren gaineko hitzaldia eta erromintxelaren gaineko mahai ingurua, edota flamenko estilo ezberdinak euskal kulturaren elementu esanguratsuekin uztartuko dituen ijito gaua" izango da. 

Informazio gehiago, eta datozen egunotan Durangon antolatu diren ekitaldien zerrenda osoa, durangokoazoka.com web orrialdean. Handik hartu dugu, Landako gunearen kanpoko itxura erakusten duen ondoko argazkia.