Lan eguna gaur, Kiroldegian edota udaletxean

Noaua Aldizkaria 2012ko abe. 6a, 00:00

Abenduak 6 ditu gaur, egutegietan gorriz margotua ageri zaigu Espainiako Konstituzio egun hau. Baina lan eguna dute, udaletxean, Oiardo Kiroldegian, edota Potxoenean. Ospatzeko ezer ez dagoela eta, ohiko astetarteetan  bezala irekita dira udal instalakuntzok. Kiroldegia, lan egun normal batean bezala, goizeko 7:00etatik 22:00ak arte irekita egongo da gaur (igerilekua 21:00ak arte). Udaletxeko harrera zerbitzuan ere ohiko ordutegiarekin arituko dira lanean, 14:00ak arte. Eta Potxoenea ere irekita dago. 

Auzolan eguna
Bestalde, goizeko 8:30etarako frontoian finkatua zuten hitzordua Itayak, Usurbil Zero Zabor taldeak, Andatza Mendizale Elkarteak eta Usurbilgo Udalak. Eskularruekin herritarrak bertaratzera deitzen zituzten. Helburua, auzolanean, "herriko bide bazterrak garbitzea da asmoa, izan ere bide dezente dira plastikoz, botilaz eta mota guztietako zaborrez beteak daudenak”. Ekimenaren bigarren edizioa da aurtengoa. Iaz, uholdeak izan eta hilabetera burutu zen estreinakoz, Herria Garbi Eguna. Orduko hartan, Zumartegi industrialde inguruko ibai ertzak garbitzen aritu ziren. Egun hartakoa da, ondoko argazkia.

Kutsaduraren aurkako elkarretaratzea, Mikel Laboa plazan
Biharko bestalde, azken hileotan bezala, Itaya Gazte Asanbladak deituriko kutsaduraren aurkako elkarretaratzea burutuko da. Ostiral iluntzeko 20:00etan, Mikel Laboa plazan.