Ramon Uribe aske uztea eskatu dute herritarrek

Noaua Aldizkaria 2012ko abe. 6a, 00:00

Astelehenean egin zen batzar jendetsuaren ostean, atzo premiazko eta ezohiko osoko bilkura deitu zuen Udalak, Ramon Uriberen egoerari lotuta Herri Asanbladak aurkezturiko mozioa aztertzeko. Testua aho batez onartu zuen udalbatzak. Astelehenean aske behar zuen arren, oraindik espetxean jarraitzen duela salatu eta elkartasuna adierazteko, Ramon Uribe aske uztea eskatu dute beste behin, gaur eguerdian Dema plazan Herri Asanbladak deituta egin den agerraldian. 

Hainbat senide, lagun eta herritarrek parte hartu dute ekitaldian, "Ramon askatu. Bizi arteko zigorrik ez!" zioten kartelak eskutan zituztela. Ekitaldi amaieran, kartelok etxeko balkoietan jartzeko deia zabaldu dute.

Besteak beste, Usurbilgo Udaleko alkate Mertxe Aizpurua edota Ramon Uriberen senideetako bat agerraldi mahaian zirela, komunikatu bat irakurri dute. Madrilgo Gobernuari kalezartarra berehala aske uztea eskatzen diote. Herritarrei berriz, bihar, ostirala, iluntzeko 19:00etan frontoitik abiatuko den manifestazioan parte hartzea. Hauxe da, gaur eguerdian Dema plazan irakurri den agiria, bere osotasunean:

USURBILGO HERRI ASANBLADAREN AGIRIA
Hemezortzi urte eta erdi preso damaran Ramon Uribe kalezartarra astelehenean aske geratu behar zuen ezarri zioten espetxe zigorra bete ostean. Estatu espainolak, ordea, bestelakoa erabaki du eta, azken urteotan dozenaka euskal presoekin egin duen bezala, Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrina aplikatu dio. Horrela, 2024ra arte ez dela aske geratuko erabaki du Madrilgo gobernuak.

Gainera, azken unera arte itxaron du erabaki horren berri emateko: kalera atera behar zuen egun berean jakinarazi diote beste 12 urtez luzatu diotela espetxe zigorra, espetxeko zuzendaritzak bidalita bere espedientea maiatzaz geroztik Ministerioaren mahai gainean zegoen arren. Antzeko kasuetan egin duen bezala, irteteko zorian zegoela eman diote ziegara itzultzeko agindua. Topaseko espetxearen atarian zain zituen senideak eta lagunak, berriz, etxera itzuli behar izan genuen ezintasunak eta nahigabeak jota.

Jokamolde krudela izan da bai Ramonekiko bai bere senide eta lagunekiko ere. Azken asteak kezka eta egonezinean bizitzera behartuak izan dira eta horrelakorik gerta zitekeela jakitun ziren arren, itxaropen izpi apurrak erabat zapuztuak geratu dira Gobernuak daraman politika mendekatzaileagatik.

Beren legeak maltzurki egokituta euskal preso politikoei bizi arteko zigorra ezartzea du helburu salbuespeneko politika horrek. Maila pertsonalean dituen ondorio tamalgarriez harago, Euskal Herrian abiatutako konponbide prozesuaren aurka hartutako erabakia da. Madrilgo eta Pariseko gobernuek entzungor jarraitzen dute euskal gizartearen gehiengoak egiten dien eskariaren aurrean: espetxe politika konponbidearen norabidean jartzeko. Hori gutxi ez, eta Espainiako Gobernuak entzungor egiten die baita ere Europatik datozen epaiei. Izan ere, ezin ahaztu Europako Giza Eskubideen Auzitegiak uztailean, Ines del Rio euskal presoaren kasuan ebatzitakoa: 197/2006 doktrina legez kanpokotzat jo zuen Giza Eskubideen Europako auzitegiak, eta Ines del Rio berehala askatzeko. Haatik, Espainiako Gobernua bere itxikerian tematua jarraitzen du.

Guretzat, Ramoni eta beste 65 presoei egin diotena izen bakarrarekin defini daiteke: BAHIKETA.

Usurbilgo Herri Asanbladak indar guztiz salatzen du politika gizagabe eta salbuespenezko hori eta gure herrikidea berehala aske utz dezala exijitzen dio Madrilgo Gobernuari. Helburu horrekin dei egiten die usurbildar guztiei eta herriko eragile, talde eta alderdiei: ostiralean 19:00etan herrian egingo den manifestaziora.

Halaber, Ramon eta gainerako presoak etxeratu arte mobilizatzen segitzeko eta hurrengo egun eta asteetan antolatuko diren ekimenetan parte hartzera dei egiten die.

RAMON ASKATU! RAMON ETXERA! BIZI ARTEKO ZIGORRIK EZ!