Espetxe zigorra beteta abenduaren 3an kalean behar zuen Ramon Uribe herritarrak. Baina azken unean jakinarazi ziotenez, Parot Doktrina aplikatu eta ondorioz beste 12 urtez, zigor osoa bete arte, 2024ra arte luzatu diote espetxealdia. Albistea jakin bezain laster, Uriberen egoera salatu eta kalezartarrari, senide eta lagunei elkartasuna adierazteko hainbat ekimen antolatu dira azken egunotan Usurbilen.
Aske uzteko eskaerak berehala hasi ziren heltzen. Lehena, Uriberen eskutik. Senideen bidez zabaldu zuenez, “irribarrea eta borroka” horixe Topasetik usurbildarrei helarazi nahi izan zien mezua. Usurbilgo Herrira bilgunetik ere, berehala kaleratu zuten urgentziazko oharra, “Usurbilgo Herrirak gogor salatzen du bahiketa berri hau eta herritarrak mobilizatzera deitzen ditu”. Ines del Rio euskal preso politikoaren kasuagatik Estrasburgok espainiar estatua kondenatu zuenetik, Parot Doktrina aplikatzen zuten lehen aldia zela ohartarazten zuten.
Abenduaren 3rako antolatua zegoen ongi etorria, protesta eta elkartasun mobilizazioan bihurtu zen. 300 lagunek baino gehiagok parte hartu zuen, “Ramon askatu. Bizi arteko zigorrik ez” lemapean Kaxkoan burutu zen manifestaldi zaratatsuan. Aurretik, Mikel Laboa plazan burutu zen batzar informatiboan. Uriberen egoera bidegabea agerian geratu zen bertan, ez bakarrik gogorarazi zuten moduan, Salamancara joandako senideek, “zoritxarrez bakarrik etorri behar” izan zutelako. Usurbilgo Herri Batzarreko ordezkariek Uriberekin gertatu zenaren berri ematen ari zirela jaso zuten azken orduko albistea. Ramonek berak ere jakin berri zuela, azaroaren 29tik aplikatua ziotela Parot Doktrina kalezartarrari eta erabakia irmoa zela gainera. Aipatu moduan ordea, preso zegoen Uriberi ez zioten jakinarazi berria. Albistea, abenduak 3 zituenean eta etxean behar zuenean jakin zen.
Helegitea aurkeztu dute
Gertaturikoaren aurrean, Ramon aske uzteko helegitea aurkeztu dute. Erantzuna jasotzeko martxora arte itxaron beharko da ordea. Ines del Rio presoaren kasuak, Uriberenari bezala, “argitzeke dauden beste 80 sententziei eragingo dien edo ez, ez dakigu” zioten.
Salaketa gehiago. Etxeratetik Uriberen egoera baloratu zuten. “Espainiako gobernuari beste behin zigorra beteta duten gure senide eta lagunak aske uzteko exijitu nahi diogu, euren eskubideak eta gureak errespeta daitezen. Eta bide batez, Estrasburgok hartutako erabakia bete eta Ines del Rio eta doktrina aplikatuta duten eta espetxean mantentzen dituzten beste 65 presoak aske uzteko ere exijitu nahi diogu".
Ezker Abertzaletik ere kalezartarrarekin gertaturikoa salatu zuten, “giza eskubideen urraketa larria delako”. Gaineratzen dutenez, “Parot dotrina irregularra da, giza eskubideen bermea urratzen duelako. Horrela zioen sententziak. Baina Espainiako estatuak muzin egiten dio Europako Auzitegiari, muzin egiten dio Nazioarteko Zuzenbideari eta baita Giza Eskubideen Deklarazioari ere”. Uriberekin hartu duten erabakia, Euskal Herriaren aro politiko berriarekin inolaz ere ez datorrela bat dio Ezker Abertzaleak. Indarrak metatzeko deia egin zuten.
Usurbilgo Udaleko alkatetzatik ere beste hainbeste, salaketa mezua. “Usurbilgo alkate bezala, krudelkerian eta mendekuan oinarritutako erabaki hau salatu nahi dut. Eta nirea ere egiten dut Ramon Uribe berak, egoera honen aurrean, bere senideen bitartez usurbildar guztiei zabaldu nahi izan duen mezua: Irrifarra eta borroka!”. Euskal presoen gaian, Espainiak mendekua baino ez duela baliatzen gaineratzen zuen Aizpuruak.
Helegitea aurkeztu dute
Ramon Uribe aske uzteko eskaera bere egin zuen baita, Usurbilgo Udaleko udalbatzak. Abenduaren 5erako, ezohiko eta premiazko osoko bilkura deitu zen. Usurbilgo Herri Batzarrak Ramon Uriberen egoeraren inguruko mozioa aurkeztu eta osoko bilkurara bertaraturiko udal talde guztiek bat egin zuten; Bildu, Aralar, Hamaikabat eta EAJ-PNVko ordezkariek.
Senideen izenean hain zuzen, mozioa aurkeztu zuen Herri Batzarreko ordezkariek eragile politikoek erakutsitako jarrera eskertu zuten, udalbatza aretora hurbildu ziren Ramonen senide, lagun eta hainbat herritarren aurrean.
Aho batez onarturiko testuak hiru eskaera jasotzen ditu: Espainiako Gobernuak presoen eta haien hurbilekoen giza eskubideak errespetatzen dituen espetxe politika aplika dezala eskatzea; Espainiako Gobernuari Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2012ko uztailean emandako epaia bete dezala eskatzea, eta, ondorioz, lehenbailehen 197/2006 indargabetua izan dadila “eta gure herrikide Ramon Uribe libre utz dezatela, 2012ko abenduaren 3an bere zigorra bete baitzuen”; eta azkenik, usurbildarrei erabaki honen berri ematea eta bakearen eta giza eskubideen errespetuaren aldeko lanean inplikatu daitezen animatzea.
Agerraldi jendetsua
Udalbatzak soilik ez, herritarrek ere Ramon Uribe askatzea eskatu zuten, Herri Asanbladak deituta joan den abenduaren 6an Dema plazan burutu zen agerraldian. “Ramon askatu! Bizi arteko zigorrik ez!” zioten kartelak eskutan zituztela, komunikatu bat irakurri zen ekitaldian. “Jokamolde krudela izan da bai Ramonekiko bai bere senide eta lagunekiko ere. Azken asteak kezka eta egonezinean bizitzera behartuak izan dira eta horrelakorik gerta zitekeela jakitun ziren arren, itxaropen izpi apurrak erabat zapuztuak geratu dira Gobernuak daraman politika mendekatzaileagatik”, salatu zuten. Espainiako Gobernuak entzungor egiten du espetxe politika konponbidearen norabidean jartzeko Euskal gizarteak eginiko eskaerari, baita “Europatik datozen epaiei” ere. Ramon eta bere egoera berean dauden beste 65 preso bahituak dituztela gogorarazten dute. Eta honenbestez, berehala aske uztea eskatzen dute. Herritarrei berriz, mobilizatzen jarraitzera, “Ramon eta gainerako presoak etxeratu arte”. Uribe aske uzteko ostegunean banatutako kartelak, balkoietan jartzeko deia luzatu zuten. Mobilizazio astea, berriz ere jendetsua izan zen manifestazio batekin borobildu zen.