Ate joka ditugun aurtengo eguberrietan ere ez da ekitaldi, ezta ospakizunik faltako herrian. Egitarau oparoa 2012ko gabonetan ere. Aste honetan bertan hasiko dena, Jostailu Erabilien edota Santo Tomas azokekin. Hurrengo astean, hilaren 21ean, Udarregi Ikastolako ikasle eta irakasleak kalez kale gabon kantak abesten ikusiko ditugu. Hiru egun beranduago, hilaren 24an, goizean hasi eta iluntzera arte, Aginaga, Zubieta edota Kaxkoan, hainbat herri eragileek antolaturiko gabon kantak abesteko ekimenek hartuko dute lekukoa. Bezperan, Zumarteko abesbatzek gabonetako emanaldia eskainiko dute. Urdaiagan San Esteban Txiki ospatuko duten egun berean, hilaren 26an irekiko da Gabonetako Haur Parkea Oiardo Kiroldegian. Abenduaren 28ra arte izango dute bai non entretenitua, 2-12 urte arteko haur eta gaztetxoek.
Aurrekoetan bezala, urtea Hurbilago elkarteak antolaturiko San Silvestre herri lasterketarekin agurtuko dugu. Egunotan irekiko da izen ematea. 2013ari berriz, Larra Djrekin emango diogu ongi etorria. Eta urte berria hasteko, besteak beste, Ziortzakoek antolaturiko Errege Kabalgata izango da.
Eguberriotarako bestalde, badira agendan apuntatu beharreko bi ikuskizun ere: hilaren 22an, Argiaren Lagunak taldekoen eskutik, bueltan datoz Pirritx, Porrotx eta Marimotots, "Sentitu, pentsatu, ekin!" ikuskizun berriarekin. Hilaren 29an bestalde, "Dantzan" ikuskizuna aurkeztuko dute Kiroldegian, elkarlanean aritu diren Korri, Xalto ta Brinko pailazoek eta Zumarteko Ganbarakada musika taldeak. Egun berean, Sutegin, bost euskal presoen erretratuak biltzen dituen "Barrura begiratzeko leihoak" filma eskainiko da.
Gabonetako gehigarria, hilaren 21ean
Amaitzeko, eguberrietan murgiltzen lehenengoetarikoa Gaztelekua izango dela aipatu behar. Larunbat honetan, abenduaren 15ean hasi eta urtarrilera arte, DBH 1,2,3 eta 4 mailetako ikasleek hitzordu desberdinetan parte hartzeko aukera izango dute.
Ekimen hauen eta gainerakoen inguruko informazioa, web orrialde honetako Agenda atalean duzue. Honez gain, abenduaren 21eko NOAUA!rekin batera, ekitaldi guztion zehaztasunak emango dituen gabonetako gehigarria plazaratuko dugu. 2013ko egutegia ere eskuragarri izango duzue.