Gaztelekua gabonetan murgilduko da, Jostailu Erabilien Azoka egunean

Noaua Aldizkaria 2012ko abe. 11a, 00:00

Larunbatean, abenduaren 15ean ospatuko den VI. Jostailu Erabilien Azoka egunean parte hartzekoak dira Gaztelekuko DBH 1.mailako taldea ere. Ondoko argazkiak erakusten duen moduan, iaz hip hop emanaldia antolatu zuten. Aurtengora bueltatuz, larunbat goizeko 11:00etan jarri dute biltzeko hitzordua, egoitzan bertan. Ekimen honekin, eguberriotarako prestatu duten egitarau bereziari helduko diote. Denetariko ekintzak prestatu dituzte asteburu honetan hasi, eta urtarrileko lehen astera arte. Nabarmentzekoen artean, udalerritik kanpora burutzekoak dituzten irteerak; Donostiako Txuri Urdin izotz jauregira, Zubieta XXI futbol zelaira edota Gasteizko Buesa Arenara saskibaloi partida ikustera.

Halere, udalerrian bertan ere, beste hainbat ekintza bideratuko dituzte; Olentzerorekin kalejiran irtetekoak dira, ginkana bat ere antolatu dute, eta Gaztelekuko horma irudia ere landu asmo dute. Guztia, aipatu moduan, abenduaren 15etik urtarrilaren 5era bitarte. Eguberrietarako antolatu dituzten hitzorduak, web orrialde honetako Agenda atalean dituzue ikusgai.

Guraso bilera urtarrilean
Eguberrien osterako oharra helarazi dute Gaztelekutik. DBH 1.mailan dauden gazteen gurasoentzako bilera antolatu dute, urtarrilaren 12rako, arratsaldeko 15:00etan, Gaztelekuan bertan. Bileran, "Gaztelekuko hezitzaileak, funtzionamendua eta aurrera eramaten diren ekintzak ezagutzeko aukera izateaz gain, zalantzak eta jakinmina asetzeko parada egongo da".