Euskal Herriko gazte mugimenduaren azken hiru hamarkaden arrastoa jasotzen duen "Tximeletak, etengabeko metamorfosia" dokumentala proiektatuko dute igande arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Sutegiko auditorioan. Emanaldia ikustera gerturatzeko gonbita luzatzen dute, "nondik gatozen ikusi, non gauden aztertu eta etorkizun hobe batera nola irits gaitezkeen erabakitzeko". Topatuk martxan jarritako dokumentala auzolanean egin da, "egungo zurrunbiloan iraganeko perspektiba galtzeko arriskuaren aurrean, gazte memoria berreskuratu eta hedatzeko asmoz. Egitasmoaren azken fruitua Euskal Herriko gazte mugimenduak hiru hamarkada luzeetan utzitako arrastoa jaso duen dokumentala izan da. Euskal Herria eta mundu osoa astintzen ari den zurrunbilo politiko eta sozialaren aurrean, gazteok tamainako erronka daukagu mahai gainean: gure burua behatu eta eraberritzea ezinbesteko premia da, orainak eta etorkizunak dakartzan aukerei era eraginkor eta sortzailean erantzuteko. Baina iraultzak ez dira ezerezetik sortzen. Eraldaketa orok ezin dio sekula iraganari uko egin. Aldaketa bakoitzak dakarren fruitu berria aurretik izandakoaren ondorio da beti, eta aurrekoak utzitakoaren arrastoa darama. Tximeletak dezente daki horretaz. Tximeletak ez du sekula ahazten beldarra izan zenik!".