Korrika Batzordearen lehen bilera gaur, 20:00etan euskaltegian

Noaua Aldizkaria 2012ko abe. 11a, 00:00

Astearte honetan abiatuko dira Korrika 18 prestatzeko lanak Usurbilen. Korrika Batzordeak lehen bilera deitu du, gaur iluntzeko 20:00etarako, Etumeta-AEK euskaltegian. "Bertan Korrika 18ren nondik norakoak eta gure herrian egingo direnak ezagutzeko aukera izango duzu, eta horrela nahi izanez gero, herrirako bestelako ekitaldiak proposatzekoa ere bai. Horrez gain, herrian egin beharreko lanak zerrendatu eta banatuko ditugu. Jakin badakigu denok ez ditugula aukera berdinak gure ekarpenak egiteko, eta horregatik, hain zuzen ere, konpromisorik gabe etor zaitezten eskatzen dizugu. Bertan entzundakoaren arabera erabakiko duzu, gero, zeure ekarpena zein izan daitekeen; eta, inolako aukerarik izango ez bazenu ere, Korrika gure herrian izango dela ezagutu eta zabal dezazun da gure nahia", adierazi dute deitzaileek.

Parte hartzera animatzen dute. "Korrikak hasiera-hasieratik aldarrikatu zuen legez, Korrikaren helburuak bete daitezen guztion ekarpena eta ahalegina dira beharrezko. Denon parte hartzeaz lortuko dugu Euskal Herri euskalduna eta guztion esku eta oinei esker eraman ahal izango dugu euskararen lekukoa Andoaindik Baionaraino. Ahalegin horretan zeure laguntza estimagarria izango dugulakoan, besterik gabe, hurrengo asteartera arte", agurtzen dira. 2013ko martxoaren 14an abiatuko da Korrika 18 Andoainen. Hamar egun beranduago helduko da helmugara, Baionara.