Eguberrietan izango duguna aurreratzen ari gara egunotan, urtero bezala, ekitaldi mordoa iragarri baita datozen asteotarako. Tartean, harrera ezin hobea, Kiroldegiko eskubaloi partidak jokatzen diren aretoa toperaino bete izan duen Gabonetako Haur Parkea. Aurten, hiru egunez zabalduko dute, abenduaren 26tik 28ra, Oiardo Kiroldegian aipatu moduan, goizez eta arratsaldez. 2-12 urte arteko haur eta gaztetxoentzako parkea, gune desberdinetan banatua egongo da. Gune Orokorra egongo da batetik; eta bestetik, adinaren arabera bereiziko diren beste bi txoko. Bat 2-6 urte artekoentzat, eta bestea, 6-12 urte artekoei begirakoa.
Horrez gain, hiru egunetan tailer eta ikuskizun desberdinak izango dira arratsalde partean; pailazoak, txalaparta edota Pottoka Diskoteka. Aurten ere ziur, Kiroldegiko eskubaloi pista txiki geratuko da Gabonetako Haur Parkearekin.