Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteak larunbaterako antolatu duen VI. Jostailu Erabilien Azokarako bilketari ekingo diote gaur. Arratsaldez, 17:00-19:00 artean egongo dira Sutegiko aretoan. Gaur, bihar eta etzi, ostiralera arte beraz.
Azoka honetan parte hartzeko zenbait baldintza bete behar direla gogorarazten du antolakuntzak:
-Jostailuak osorik egon behar dute. Norberari hartzea gustatuko litzaioken moduan.
-Bilketa egunetan jasotzen dena musutruk emango da. Horren truke, nahi izanez gero, txartel bat jasoko du bakoitzak azoka egunean beste jostailuren batengatik aldatzeko.
-Azoka egunean jostailuak trukatzeko 8 urtetik beherakoek arduradun batekin parte hartu beharko dute.
-DVD eta antzekoek jatorrizkoak izan beharko dute. Azokaren bukaeran geratzen diren jostailuak beharra duten erakundeetara bideratuko dira.
Trukatzeko aukera, larunbatean
“Nire zuretzat, zurea niretzat… aizu, tori eta ekarri hori!” lemapean, VI. Jostailu Erabilien Azoka larunbat goiz eta eguerdi partean ospatuko da frontoian. 11:30-13:00 artean. Bertan ikusgai izango diren jostailuak norberak etxetik eramandakoekin trukatu ahal izango dira. Jostailuen berrerabilera sustatzea baita ekimen honen helburu nagusia.