Kirol Patronatua, desegiteko bidean

Noaua Aldizkaria 2012ko abe. 12a, 00:00

Tasen igoera bakarrik ez, 2013an bestelako nobedaderik ere izango da Kiroldegian. Aldaketarik ez bada, urtarrilaren 1ean Usurbilgo Kirol Patronatua desegin eta udal egituran txertatuko dute. Aipatu erakundea desegitea hasieraz onartu zuen udalbatzak, urriaren 16an burutu zen ezohiko osoko bilkuran. Proposamenaren alde agertu ziren, Bildu, Aralar eta EAJ-PNV. Abstentziora jo zuen aldiz, Hamaikabatek. PSE-EE-ko udal ordezkaria ez zen egon aipatu saioan. 

Erabaki honen bidez, udal txostenak jasotzen duenez, "tokiko eskumena duen zerbitzu publiko hau Udal Erakunde Autonomoaren bidez (Kirol Patronatuaren bidez) zuzenean kudeatu beharrean, beste udal zerbitzu batzuk bezala, Udalaren bidez zuzenean kudeatu nahi da". 

Zergatia ere jasotzen da bertan. "Zerbitzu publiko bat Udal Erakunde Autonomo baten bidez zuzenean kudeatzean, zerbitzuak autonomia handiagoa izaten du eta kudeaketa administratiboa arinagoa eta eraginkorragoa izaten da; zerbitzua kudeatzeko orduan erakunde publiko eta pribatuen parte-hartzea bermatu behar dela ahaztu gabe. Hala ere, ez da hori gertatu, Estatutuen arabera Udalak Patronatuari buruzko zuzendari eta begiramen eginkizun zorrotzak bete behar dituelako eta Patronatuaren funtzionamenduan behin baino gehiagotan ez direlako Estatutuak eta legeak aplikatzen dituen prozedura administratiboak bete, gabezi ugari sumatzen dituztelarik udaleko idazkaritza eta kontuhartzailetza sailek".

Estatutuak eta legeak betetzeko zailtasunekin batera, 2010eko Auditoriak, arlo ekonomikoan prozedurak eta kontrolak jartzea beharrezkotzat jo zuen. Eta bestalde, iazko ekitaldi ekonomikoaren ikuskapena egiten ari da Euskal Herriko Kontu Epaitegia eta "beraien iritziz ere Kirol Patronatuak ez ditu legezko prozedurak betetzen arlo ekonomikoan". 

Honez gain, udal txostenaren arabera, "Patronatuak ez du bere eginkizuna betetzen zerbitzua bere kabuz kudeatzeko, eta deszentralizatzeko orduan, eta horrek udal zerbitzu teknikoen menpekotasuna eta bikoiztasun administratiboa dakar". 

Udal batzorde berri baten sorrera
Argumentuokin eta testuinguru honetan, gobernu taldeak gai hau, urriaren 16ko ezohiko osoko bilkurara eraman zuen, Batzordetik igaro ostean. Orduan, hasieraz onarturiko erabakiak honakoa suposatzen du:

-Erakundea bera desegitea eta estatutuak indargabetzea.

-Kirol Patronatua desegiten den unean, udal kirol zerbitzua Udalak bere gain hartzea.

-Udal batzorde informatzaile berri bat eratzea: kirol alorrekoa. Eta bertan, "egun Zuzendaritza Batzordea osatzen duten ordezkarien (ikastetxeen ordezkaria, kiroldegiko erabiltzaileen ordezkaria eta herriko kirol elkarteen ordezkaria) parte hartzea bermatzea".

-Kirol Patronatua desegiten den datan zintzilik geratzen diren eskubide eta betebeharren kargu egitea Udala. Eskubide eta betebeharrak kobratu eta ordaintzeko udal aurrekontuan txertatzea.

-Kirol Patronatuari atxikitako Usurbilgo Udaleko ondasunak desatxikitzea.

-Kirol Patronatuaren banku kontuen ezeztatze eta ixtea eta saldoak Usurbilgo Udalaren titularitatedun kontu operatiboetara igarotzea.

-2013ko ekitaldira begira, eta aurrekontuei dagokienez, Alkatetzak egoera berria kontuan hartzea.

-Kirol Patronatuari atxikitako langileak udal langileak izatea, lanbide kategoria, ordainsari maila, lan baldintza, antzinatasun eta abarren aitorpen espezifikoarekin. Langileon plaza eta lanpostuak Udalaren lanpostuen zerrendara batzea.

-Kirol Patronatuan deklaratutako datu-fitxategien titularitatea Usurbilgo Udalari subrogatzea.

-Kirol Patronatua desegin eta udal egituran txertatzeko data: 2013ko urtarrilaren 1a izatea. Bestela, erabakiaren behin betiko onespenari dagokiona.

-Alegazioetarako epea: 30 egun. Erreklamaziorik ez bada, erabakia behin betiko onartutzat joko da.

Erreakzioak
Aralarretik positiboki baloratu zuten proposamena, Joxe Ramon Furundarenaren esanetan,“bide onetik hartutako erabakia da”. Baina orain arte Kirol Patronatuan dagoen parte hartzea bultzatzen jarraitzeko ahalegina egitea eskatu zuen. “Ia lortzen dugun Kirol Batzordeak parte hartze hori mantentzea”, adierazi zuen.

Hamaikabateko bozeramaile Luis Mari Ormaetxeak bapateko erabaki hartzea izan dela azpimarratu zuen, eta informazio falta zuela gaineratu. “Informazio subjektiboan oinarritutako erabaki bat izango da”, adierazi zuen.

Mertxe Aizpurua alkateak bat egin zuen Aralarrek parte hartzea sustatzen jarraitzeko eginiko proposamenarekin. Hamaikabat taldetik adierazitako informazio faltarekin desados agertu zen. “Arrazoiak hor daude, ez dago besterik. Garbi ageri da, hartu beharreko neurri bat dela”, adierazi zuen.