Egunak bare argitu badu ere, okerrera egingo du eguraldiak datozen orduotan. 80 edota 100 kilometro orduko haize boladak izan ditzakegula eta, arratsaldeko 15:00etan alerta horia jarriko du indarrean Euskalmet-ek. "15etatik 21etara haizeguneetan, hego-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gainditzeko probabilitatea handia da. Bestaldetik, haizeguneak ez diren tokietan, hego-mendebaldeko haize-boladak 80 km/h ingurukoak izateko probabilitatea handia da", ohartarazi dute web orri bidez.
Egoerak okerrera egingo du gauean. Gaueko 21:00etatik gauerdira, alerta naranjan jarri ditu mendi inguru eta haize guneak, haizeteek 120 kilometro orduko abiadura gainditu baitezakete. Haizeguneak ez diren lekuetan aldiz, alerta horiak indarrean jarraituko du gauean. Kasu honetan, 80 kilometro orduko abiadura gaindi dezake haizeak. Probabilitatea handia da behintzat, Euskalmeten arabera. Alerta naranja, arrisku handiko egoera izendatzeko baliatzen du Euskalmetek eta bere web orrialdean ageri den EAE-ko mapa osoa laranja kolorez ageri zaigu. Adi ibili beraz.
Bihar arratsaldera arte
Egoera bihar arratsaldetik aurrera baretu litekeela iragartzen ari dira. "Ostiralean hego-haize oso zakarra joko du. Egunaren lehen partean hego eta hego-mendebaldeko haizea indar handiz ibiliko da, eta boladek 120 km/h-ko abiadura gaindituko dute haizeguneetan. Baina, herri eta hirietan ere haize-bolada oso gogorrak espero ditugu. Arratsaldetik aurrera apurka-apurka ahultzen hasiko da haizea. Bestalde, euri apur bat egin dezake noiznahi eta nonahi. Tenperatura denean igo egingo da, 18 ºC-ra helduz kantauri isurialdean", berri eman du Euskalmet-ek. Bihar ere, alerta naranjan jarraituko dugu.