Donostiako Easo kalea 43ko suhiltzaileen eraikin zaharra, Jose Luis Zumeta usurbildar artistaren erakusketa gunea izango da asteburuan. Bihar iluntzeko 19:00etan irekiko dute, eta igandera arte, abenduaren 16ra arte zabalik izango da, bere lanaren eta sortze-prozesuaren erakusketa biziduna.
Gunea bera, une batez gaur goizean ireki dute antolatzaileek. Prentsaurrekoa eskaini dute, egunotan bertan ikusgai izango denaren berri emateko. Besteak beste, ekitaldian bertan izan da Monika Zumeta, Jose Luisen alaba, erakusketaren bultzatzaileetako bat. Bera da gainera, Zumetari buruz grabatzen ari diren dokumentalaren zuzendarietako bat. Monikarekin batera ziren, "Izenik gabe, 200x133" izeneko dokumentalaren beste zuzendari Enara Goikoetxea, Donostia 2016ren zuzendari artistiko Fernando Bernues, eta Igor Otxoa, Donostia 2016ren proiektu zuzendaria. Ekitaldi amaieran, Jose Luis Zumeta bera agertu da, bertaratu diren hedabideentzat argazkiak ateratzera.
Zumetaren sortze lana, zuzenean ikusteko aukera
Erakusketa biziduna izango dela iragarri dute prentsaurrekoan. Zumetak espresuki erakusketa honetarako sortu dituen bi artelan ezagutzeko aukera egongo da, baina oraingoan, bi artelanok sortzeko prozesua irudi bidez erakutsiko dute. Hartara, "orain arte ezkutuan egin duen lan-prozesua ikusleari aurkeztuko diogu". Irudiok, 2013an estreinatuko den Zumetari buruzko dokumentalean txertatuko dituzte. Ikus-entzunezko honen zati bat beraz, asteburu honetan Donostian ezagutu ahal izango da.
Baina ez hori bakarrik. Erakusketa biziduna izango dela iragarri dute gaur prentsaurrekoan, Zumetak horma irudi bat nola margotzen duen zuzenean ikusteko aukera egongo baita. "Bere bilobekin batera horma-irudi bat landuko du zuzenean", iragarri dute gaur. Erakusketa gainera, suhiltzaileen egoitzako lau hormetatik kanpora aterako da. "Suhiltzaileen egoitzaren parean dagoen horman, iPadarekin egin dituen marrazki serieak proiektatuko dira. 500 bat irudi izango dira guztira", adierazi dute. Easo kaletik oinez doanak beraz, Zumetaren hainbat lan ezagutzeko aukera izango du.
Usurbilgo margolariak bere lanei izenik jartzeko ohiturarik ez duenez, asteburuan Donostian ikusgai izango diren margolanen neurriak baliatu dituzte antolatzaileek, erakusketa izendatzeko; "200x133". Aipatu moduan, bihar iluntzeko 19:00etan irekiko dute erakusketa, 21:00ak arte. Larunbatean eta igandean, arratsaldez zabalduko dute; 17:00-21:00 artean.