Parekidetasun Kontseilua gaur, 19:00etatik aurrera Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2012ko abe. 13a, 00:00

Ostegun iluntze honetarako deitua dago Parekidetasun Kontseiluaren hirugarren bilera izango dena, 19:00etan Potxoenean. Gerturatzeko deialdia egiten dute Parekidetasun Sailetik. “Herritar eta eragile guztiak gonbidatzen ditugu bertan parte hartzera”, luzatu du gonbita Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Teknikari Nerea Altxuk. 

Gaurko hitzorduan egin asmo dutena aurreratua dio Altxuk NOAUA!ri. "Aurreneko bileran situatze lanak egin genituen. Beste herrietan, parekidetasun kontseiluetan zer lan egiten ari diren. Baina argi genuen, Parekidetasun Kontseiluak usurbildarren behar eta proposamenetatik abiatu behar duela. Emakumeek parte hartu behar zuten soilik, edo gizonek ere, eztabaida hori ere eman zen. Gizon eta emakumeek parte hartu behar zutela adostu da. Izan ere herri batzuetan emakumeek bakarrik parte hartzen dute, Parekidetasun Kontseiluetan. Adostasun horiek hartuta, bigarren bileran, Parekidetasun Kontseiluaren araudia azaldu zen. Araudi hori osatze aldera, zirriborro bat prestatzen hasiko gara, gaurko bileran jada, denon artean adoste aldera. Finkatzen joan gara, zer lan egingo ditugun; alde batetik, Udaletik jorratzen ditugun berdintasun politiketan proposamenak egin, lehentasunak zehaztu eta ekarpenak egin asmo ditugu. Eta gero, ekintza desberdinak antolatzen joango gara", adierazi du Altxuk.

Gizonei ere deiadia
Sexismoa ezabatzen joan eta jendarte parekideago bat lortzea du erronka nagusia, Parekidetasun Kontseiluak. Organo aholkulari, informatzaile eta behatzailea izango da. Helburu orokorra, udal teknikariaren esanetan, “Usurbilen emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egitea da”. Baita emakumeen parte hartzea eta elkartegintza sustatzea alor desberdinetan, emakumeek jasan ditzaketen zapalkuntza egoerak identifikatu eta horiei erantzun bat ematea, edota gai honetan gizonen inplikazioa ere bultzatzea. Bai maila pertsonal zein kolektiboan Altxuk gogorarazten duenez, “gizonek ere badute hor ardura bat, sexismoari aurre egiterakoan. Ongi etorriak izango dira Kontseilura, hemendik Usurbilgo gizon guztiak bertan parte hartzera animatzen ditugu”. 

Parekidetasun Sailaren ibilbidea
Parekidetasun Kontseilua abiatu arte, Udal Parekidetasun Sailak urte batzuetako ibilbidea jorratu du jada. Hauexek, nagusiki, alor honetan eman azken urteotan eman diren aurrerapauso nagusiak:
2008: Usurbilgo emakume eta gizonen arteko aukera berdintasunari buruzko diagnosia egin zen.
2010: udal teknikari bat kontratatu zen.
2010/9/28: 2010-2014rako Berdintasun Plana onartu zuen udalbatzak.
2012/10: Parekidetasun Kontseilua abiatzen da.