Zumetari buruzko dokumentalaren baitan antolatu dute erakusketa

Noaua Aldizkaria 2012ko abe. 13a, 00:00

Asteburuan Donostian bisitatu ahal izango den Zumetaren erakusketan, artista usurbildarraren inguruan bere alaba Monika Zumeta eta Enara Goikoetxea dokumentalgilea prestatzen ari diren ikus-entzunezkoaren aurrerapen bat eskainiko dute. Zumetaren bi artelanen sortze prozesua grabatu dute eta. Prozesua bera, irudi bidez ikusi ahal izango da, eta sortu duenaren emaitza ere ezagutzeko aukera egongo da erakusketan; bi artelanak ere erakusketan bertan jarri baitituzte. 

Aipatu moduan, "Izenik gabe, 200x133" izeneko dokumentala grabatzen ari dira, Moztu Filmak eta Sonora estudios ekoiztetxeak. Film honen grabazioaren baitan zabaldu dute asteburuko erakusketa. Erakusketan bezala, grabatzen ari diren dokumentalaren helburua, Zumetaren sortze-prozesua ezagutzera ematea izango da. 

Estreinaldia, Usurbilen
"Berak ematen dituen lehenengo pausoetatik hasi eta lanaren amaiera arte jarraituko dute artista bere sormenean. Materialaren aukeraketa, erabilera eta sortzen joango den obraren jarraipena izango da dokumentalaren bizkarrezurra. Jarraipen honek eskaintzen dituen atsedenaldietan gai batzuk planteatuko zaizkio Zumetari, eta bere lagunen artean edo bakarrik, margolariaren iritzi nahiz bizipenetan murgilduko gara", berri eman dute dokumentalaren egileek. 

Dokumentala 2013an estreinatuko da, ikus-entzunezko lan hau egin bitartean Zumetak sortu dituen artelanak jasoko dituen erakusketa baten baitan. Azaroaren 28an aurreratu genizuenez, Usurbilen estreinatuko da dokumentala. Eta erakusketa ere lehen aldiz, Zumetaren sorterri honetan irekiko da. Gerora, beste hainbat lekutara eramango dute erakusketa, eta dokumentala bera ere han eta hemen proiektatuko dute. "Izenik gabe, 200x133", diruz lagundu du Usurbilgo Udalak. Udalak hain zuzen, laguntza emateko lankidetza hitzarmena sinatu zuen joan den azaroaren 28an Potxoenean, Moztu Filmak ekoiztetxearekin. Ondoko argazkian, sinatze ekitaldiko unea.