Gaur amaituko da bilketa, bihar VI. Jostailu Erabilien Azoka

Noaua Aldizkaria 2012ko abe. 14a, 00:00

Bihar frontoian ospatuko den VI. Jostailu Erabilien Azokarako gaiak biltzen ari dira egunotan Sutegin. Antolatzaileek, Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteko kideek, gaur amaituko dituzte bilketa lanak. 17:00-19:00 artean Sutegiko erakusketa aretoan egongo dira, azken jostailuak eraman nahi dituztenentzat, jasotzeko prest.

Egunotan bildutakoa, bihar goizean pilotalekuan ospatuko den azokan erakusgai jarriko dute. Azoka, 11:30-13:00 artean irekiko dute Hitz Ahokoek. Ekimena, trukean eta berrerabileran oinarritzen dute. Hau da, egunotan azokarako jostailuak doan utzi dituenak, aukera du azoka egunean, bihar, beste jostailuren bat etxera eramateko. 

“Nire zuretzat, zurea niretzat… aizu, tori eta ekarri hori!” lemapean ospatuko den ekimen honen seigarren edizioan parte hartzeko baldintzok bete beharko dira:

-Jostailuak osorik egon behar dute. Norberari hartzea gustatuko litzaioken moduan.

-Bilketa egunetan jasotzen dena musutruk emango da. Horren truke, nahi izanez gero, txartel bat jasoko du bakoitzak azoka egunean beste jostailuren batengatik aldatzeko.

-Azoka egunean jostailuak trukatzeko 8 urtetik beherakoek arduradun batekin parte hartu beharko dute.

-DVD eta antzekoek jatorrizkoak izan beharko dute. Azokaren bukaeran geratzen diren jostailuak beharra duten erakundeetara bideratuko dira.

Girotze lanak, Gaztelekukoen eskutik
Hitz Ahok antolaturiko azokan parte hartuko dute baita Gaztelekuko DBH 1.mailako ikasleek ere. Girotze lanak egingo dituzte, iaz bezala. 2011ko edizioan hain zuzen, hip hop emanaldia antolatu zuten eta. Biharko ekitaldiarekin, gabonetan murgilduko dira Gaztelekukoak. Urtarrilaren 5era arte, ekintza mordoa antolatu dute. Nabarmentzekoen artean, Usurbildik kanpo egingo dituzten irteerak daude; Gasteizko Buesa Arenara saskibaloi partida ikustera, Donostiako Txuri Urdin izotz jauregira, Zubieta XXI futbol zelaira... Halere, herrian bertan ere ekintza desberdinetan parte hartzeko aukera izango dute, 12-16 urte arteko gazteek; ginkanan, gabonetako abestiak kantatzeko irteeran... Ekitaldien egutegia, web orrialde honetako agendan kontsulta dezakezue.