Herritarrei gonbita luzatzea baino ez zaigu falta jada, igandean ospatuko da eta, NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko Santo Tomas azoka. Frontoi ingurura gerturatzen denak, ikusgai izango ditu babarrun eta sagardo lehiaketetara aurkeztu diren ekoizleen produktuak. Sagardoak dastatzeko aukera ere izango da ohi bezala, Sagardo Egunaren Lagunak taldekoen eskutik. Goizeko 11:00ak aldera hasi gerturatzen frontoira, azoka zabalik izango da eta. Hamaiketako ederra dastatzeko aukera eskainiko dute baita talogileek.
Aurtengo berrikuntza nagusia, azokak izango duen gaztain ukitua. Gaztainak banatuko ditu herritar talde batek. Gaztaina protagonista izango da beste arrazoi batengatik ere. Baina horretan utziko dugu, jakinmina piztu bazaizue, gerturatu pilotalekura. Udarregi Ikastolako guraso eta ikasleak ere bertan izango dira, azkenok produktu gozoak saltzeko prest.
Eguerdian, sari banaketa
NOAUA!k ere aparteko txokoa izango du aurten, produktuez hornitua. Bazkideok adi, negu honetan erabilgarri izango zaizuen oparitxo bana jasotzeko aukera izango duzue eta. Eta bazkide ez zaretenok, Santo Tomas azokako postura gerturatu eta egin bazkide, urtean 36 euro besterik ez dira. Bestalde, irailean kaleratu zen NOAUA!ren 500. zenbakia. Horren harira, joan den Kulturaldian 16 urteotako albiste sorta bat panel desberdinetan bildu genituen. Erakusgai izan ziren azaroan Sutegin. Panelok ikusteko aukera izango da berriz, igandeko azokan.
Azokatik osteratxoa egin eta sabela poztearekin batera, frontoiko oholtza gainak bereganatuko du eguerdi parteko arreta guztia. Orduan ezagutuko dira eta, nortzuk diren sagardo eta babarrun lehiaketetako irabazleak.
Adi, berrogeitik gora ekoizlek aurkeztu dituzte eta beren babarrunak, izen emateko azken asteotan ireki den epean. Hogei lagun inguruk, etxean egiten duten sagardoa. Epaimahaiak, lehiaketa bakoitzeko, hau da, sagardo eta babarrun txapelketetara aurkeztu diren hiruna produktu onenak aukeratuko dituzte. Honakoak izango dira, irabazleek jasoko dituzten sariak (ondoko argazkian, iazko txapeldunak):
1. Sarituarentzat: 150 euro+tapela.
2. Sarituarentzat: 90 euro.
3. Sarituarentzat: 50 euro.
Osagai nahikoa izango du igandeko azokak. Eguraldia ere antza, ez da jai girora gerturatu gabe geratzeko aitzakia izango. Goiz partean behintzat, ateri eutsiko omen dio eta. Animatu eta etorri igandean azokara!