Aginagarrek bisita berezia izango dute igande honetan, abenduaren 23an. Mari Domingi eta Olentzero bera, ludotekara gerturako dira arratsaldeko 17:00etan. Haur eta helduek eurekin egoteko aukera izateaz gain, etxeko txikienen eskutitz edo marrazkitxoak jasotzeko prest izango dira biak.
Gabon kantak, txokoak...
Antxomolantxa Elkartekoen hitzordu hau, ez da eguberriotarako antolatu duten bakarra. Aurten ere haur txokoak prestatu baitituzte, abenduaren 26tik 28ra eta urtarrilaren 2tik 4ra ludotekan bertan. Eskulanetan aritzeko aukera izango dute bertaratzen diren haurrek.
Azken egunean gainera, hilaren 4an, eurek sorturiko artelanak erakusgai jarriko dituzte eta urtarrileko lehen ostiral horretan, oparitxo bana jasoko dute haurrek, Antxomolantxatik berri eman dutenez. Antolatzaileek haurrak txokoetan parte hartzera animatzen dituzte.
Gainerakoan, abenduaren 24an eguberri kantak abesteko irteera antolatu dute, goizeko 9:00etan Aginagako parrokiatik. Hilaren 28an Ixabel Agirresarobe ipuin kontaketan arituko da, 17:00etatik aurrera ludotekan. Eta antza, aldaketarik ez bada, Erregeen bisita ere jasoko dute aginagarrek, urtarrilaren 5ean, 16:00ak aldera. Egitarau oparoa prestatu dute beraz, eguberriotarako.