Eraiki berri diren Agerreazpiko babes ofizialeko etxebizitzen parean, sortu berri den Olarriondo kale ondoan, udal baratzak kokatuko dira etorkizunean. Herritarrek lurra lantzeko aukera izango dute gune honetan. Udalak lur eremuok zozketa bidez esleitzeko prozedura abiatu du. Izen ematea irekia dago jada, urtarrilaren 17ra arte. Udal hartutako erabakia atzo argitaratu zen, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
Gutxienez duela sei hilabetetik eta esleipenak iraun artean udalerri honetan erroldatua dauden 18 urtetik gorako usurbildarrek aurkeztu ahal izango dute eskaera Udalak deitu berri duen lehiaketan. Esleipena bost urtetarako izango da eta zozketa bidez erabakiko da. 30 metro karratuko partzelak esleituko ditu Udalak. Herritarrek halako lur eremu bat edo bi eskatu ahal izango dituzte. Hau da 30 metro karratuko partzela bat edo halako bi, guztira 60 metro karratuko gunea eskura dezake, lurra lantzeko.
Eskatzaileen artean lehentasunak finkatu ditu Udalak. Lehentasun taldeok, langabetu, jubilatu, pentsiodun, 25 urte arteko gazte edota konpostatze komunitarioetako arduradunek osatuko dituzte. Zozketa lehentasuna duten herritar taldeon arabera egingo da. “Lehen zozketa, 3 lehentasun talderen barruan dagoenen artean egingo da, bigarren zozketa 2 talderen barruan daudenen artean. Ondoren, partzelarik esleitzeko balego, lehentasun talde batean sartzen direnen arteko zozketa egingo da eta azkenik partzelarik balego, gainontzeko eskatzaileen arteko zozketa gauzatuko da”, jasotzen du Udalak kaleraturiko baldintza sortak. Bestalde, parekidetasuna bermatu nahi dute esleipenean, “gutxienez emakidako titularren %40a emakumezkoak izango dira ahal den neurrian”.
Konpost gunea
Partzelaren bat egokitzen zaien herritarrek, lur eremua erabiltzen hasi aurretik, ezinbestean Udalak eta Ekoguneak antolaturiko nekazaritza ekologikoari buruzko ikastaroa egin beharko dute. Erabiltzaile guztiek elkarte bat osatu beharko dute. Partzela bakoitzeko erabiltzaileak, amaieran itzuliko zaion 30 euroko fidantza ordaindu beharko du. Honez gain, urteko 30 metroko lur eremua erabiltzeagatik eta bertan Udalak erabiltzaileen eskura jarriko dituen azpiegitura eta lanabesen truke, 42,3 euro ordaindu beharko ditu. 84,6 euro 60 metro karratukoagatik.
Konpostatze komunitarioko beste gune bat kokatuko dute bertan, “urritasun psikiko edo fisikoa dutenentzat eta helburu pedagogikoetarako”. Guztira, 180 metro karratu, edo 30 metro karratuko sei partzela.
Esleipen prozesua, pausoz pauso
Udalak zehaztua du, esleipen prozesua zer modutan gauzatu asmo duen. Ematen diren pauso guztion inguruko informazioa, udaletxean bertan edota usurbil.net atarian eskuratu ahal izango da:
1-Eskaerak udaletxean aurkeztu behar dira, urtarrilaren 17a baino lehen.
2-Udalak onartutako eta baztertutako eskaeren behin behineko zerrenda kaleratuko du.
3- Interesdunek alegazioak aurkezteko 10 eguneko epea izango dute.
4-Alegazioak erantzun ostean, Udalak onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko zerrenda plazaratuko du.
5-Zozketa egingo da, aldez aurretik jakinaraziko den egun, ordu eta lekuan. Modu horretan, partzelak behin behingoz esleituko ditu Udalak.
6- Behin behingoz partzelak esleitu zaizkien herritarrek, udal baratzeen emakida eta erabilera arautzeko erregelamendua betetzen dituztela egiaztatuko du Udalak. Hala bada, behin betiko esleituko zaie lur eremua. Bestela, itxarote zerrendan egon eta baldintza guztiak betetzen dituen lehenengo pertsonari esleituko zaio.
7-Zozketa ordenaren arabera, itxarote zerrendan geratuko dira partzela bat egokitu ez zaien herritarrak. Esleipen tartea amaitu baino lehen, partzelaren bat hutsik geratzen bada, itxaron zerrendan dagoen lehen pertsonak ordezkatuko du.
Azalpen gehiago, hilaren 26ko bilkuran
Egitasmo honi buruzko argibide gehiago nahi dituenak, abenduaren 26an Usurbilgo Udalak Potxoenean antolatu duen bilerara joan besterik ez du. Iluntzeko 19:00etarako finkatu dute hitzorduan, Iñaki Ugarte nekazaritza alorreko zinegotziak eta Ibon Goikoetxea alor bereko udal teknikariak parte hartuko dute. Herritarrek dituzten zalantzak argitzeko aukera egongo da bertan.