Gaur arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara burutuko da Esperientzia Eskolako saio berria, Artzabalgo areto nagusian. Ikasturtea hasita duten arren, ikasle berriak edozein unetan gertura daitezke eskola honetara. Esperientzia Eskolan parte hartzeko baldintza bakarra, 50 urte beteak izatea da. Ikasleen interes guneetan oinarritutako arloetan trebatzeko aukera dute. "Ez da ikasketarik eskatzen. Ez dago ez azterketarik, ez da inor arbelera ateratzen eta ez dago etxeko lanik. Jende gehienaren kezka izaten da hori. Hitzaldi estiloko saioak izaten dira, eta gero norberak bere ekarpena egiten du", dio Esperientzia Eskolako koordinatzaile Garazi Elortzak. Bere esanetan, ekarpen asko egiteko dute eskolako kideek.
Besteak beste, azken urteotan herriarentzako lanean jardun dute. Jada, udaletxearen esku dauden bi proiektu landu dituzte; turismoari begirako lanketa bat egin dute, baita helduentzako parke bat kokatzeko proiektua prestatu ere. Baina Esperientzia Eskola harago doa. Lagun arteko harremanak sendotzeko gune ere bai baita.
Esperientzia Eskolako saioak, aipatu moduan, astearte arratsaldetan izaten dira Artzabalen. Informazio gehiago jaso nahi duenak, Esperientzia Eskolako koordinatzailearekin jar daiteke harremanetan: 646 098 753 telefono zenbakian (Garazi Elortza). Klaseetara joateko izena eman beharrik ez dago.