Gaur iluntzeko 18:30etan Potxoenean bilduko dira berriz, hezkuntzako parte hartze prozesuko kideak. Bigarren faseko azken bilkura izango da asteazken honetakoa eta aurreko saioko ildoarekin jarraituko dute; irtenbideen lanketarekin alegia. Gaur erabakitakoa gauzatzen joateko pausoak lantzen hasiko dira gero, urtarrilean, parte hartze prozesuko hirugarren eta azken fasean.
Diagnosia ikusgai
Urrian abiaturiko prozesu honen lehen fasean burutu zen Usurbilgo hezkuntzaren egoerari buruzko diagnosia usurbil.net atarian zintzilikatu du Udalak. Bertan irakur dezakezue, urritik azarora eginiko lehen bilkuretan, parte hartze prozesuan izan zirenek zer nolako ekarpenak egin zituzten. Ardatz desberdinen inguruan, hausnarketa interesgarriak jasotzen ditu aipatu diagnosi faseari loturik, Udalak publiko egin duen txostenak.
Parte hartze eta erabaki-ahalmena da lehen fasean jorratu zuten gaietako bat. Prozesuan esku hartzen egon zirenen ustez, "hezkuntza ez da berdin eskola, horren gainetik jarri behar da eztabaida". Gurasoekin batera, ikasle eta irakasleen parte hartzea gehiago bultzatu beharra dela uste dute. Parte hartzea sustatu eta "hezkuntza-eragileen sarea osatzea" garrantzitsutzat jotzen dute.
"Ikastetxeak eta herria" da diagnosi fasean jorratu zuten beste ardatzetako bat. Ikastetxeen eta herriaren artean harremana estutu beharra dela uste dute parte hartze prozesuko kideek, beti ere "herria erdigunean" jarrita, eta Udala lotura horren dinamizatzaile dela.
Lehen fasean jorratu zuten beste puntu bat; "ikasleak, irakasleak eta gurasoak" izan zen. Haur Eskolan eta eskola txikietan irakasle eta gurasoen arteko harremana estuagoa dela baloratu dute parte hartze prozesuko kideek. Aldiz, ikastolan irakasle-taldea egonkorra dela eta ikasle gehienak ikastetxe batean biltzeak herriko haur eta gazteen kohesioa bultzatzen duela.
Hezkuntza proiektua aztergaien artean
Udalaren rola ere aztergaien artean izan zuten. Bere indarguneak eta hobetu beharrekoak jasotzen ditu diagnosi faseko txostenak. Indarguneen artean, jarrera aktiboa duela Udalak, laguntzeko prestutasuna, eta azpiegiturak zaintzen dituela. Hobetu beharrekoen artean, hezkuntza-sare osoa koordinatzeko eskaera egin zaio Udalari. Udalak bere mugak dituela ere agerian jarri dute; eskumen aldetik, krisi ekonomikoa dela eta...
Hezkuntza-proiektuaren inguruan ere jardun zuten, udal ordezkari, hezkuntza eragile eta herritarrek. Batetik, kezka azaldu zuten irakasteko moduaren inguruan, sistema "testuliburuetan gehiegi oinarritzen" dela irizten diote. Ratioaren arabera, zailtasun gehiago egon daitezkeela, "ume bakoitzaren behar eta erritmoetara" egokitzeko. Mailatan gora egin ahala, galdu egiten dela ikasleen sentimendu, ingurune hurbila, euren behar eta interesak kontuan hartzea. Haur Eskolatik Ikastolarako jauzia ez dute egokitzat ikusten. Balantzaren beste aldean, adimen emozionala geroz eta gehiago lantzen dela diote, irakasleak ere horretan trebatzen ari direla. Irakasleen inplikazioa eta esperientzia indargune garrantzitsutzat jotzen dute. Bi gai ere mahai gainean jarri zituzten; eskola-porrotarekin zer egin eta ia 0-18 urte arteko hezkuntza eskaintza izan beharko genukeen Usurbilen.
Ezin aparte utzi alderdi ekonomikoa, diagnosi fase honetan. Diru kontuak ere ahotan hartu ziren parte hartze prozesuko lehen bi bilkuretan. Krisi ekonomikoa hezkuntzan eragiten ari dela sumatzen dute. Halere, Udalak emandako laguntza ekonomikoa oso garrantzitsutzat jotzen dute, eta babes horrekin, guraso askorentzat garestiegia ez izatea saihesten dela diote. Arazo ekonomikoak dituzten famiilientzat irtenbideak bilatzen direla ikastolan. Baina zenbait kezka ere mahai gaineratu dituzte; batetik, konpontzeke dagoen herriko ikastetxeetako eraikinen egoera, eta "Jaurlaritzak ikuspuntu ekonomikotik eskola txikiak ixtea erabaki dezakeela".
Amaitzeko, zerbitzuen atala ere jorratu zuten parte hartze prozesuko lehen fasean. Hausnartzen aritu direnek, gai honi garrantzi handiagoa eman behar zaiola uste dute. Garraioa garestia dela baloratzen dute, jangela-zerbitzua hobetu eta zaintza-zerbitzua indartu behar dela. Familia eta lana uztartzeko neurriak aztertzea ere eskatzen dute.
Diagnosi faseko hausnarketa hauen inguruko zehaztasun guztiak, usurbil.net atarian dituzue, txosten batean jasoak.