Errege kabalgatako antortxeroentzat oharra, izen ematea hilaren 29an

Noaua Aldizkaria 2012ko abe. 19a, 00:00

Urtarrilaren 5ean ospatuko den Errege Kabalgata prestatzen hasia da Ziortza Elkartea. Ohi bezala, 2013an ere, Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek antortxeroek lagunduta egingo dute Urdaiagatik frontoirako ibilbidea. Kabalgatan parte hartu nahi duten antortxeroentzat izen emateko eguna finkatu du Ziortzak. Abenduaren 29rako hain zuzen, goizez, 11:00-13:00 artean elkarteko egoitzan. Bestela, urtarrilaren 2ra arteko epea dago ziortzage@gmail.com helbidera email bat bidaltzeko. 

Tarte horretan izena eman duten guztiekin, bilera burutuko du Ziortzak urtarrilaren 3an, 19:30etan elkarteko egoitzan. Errege egun bezperan irtengo dira antortxeroak erregeekin batera. Urtarrilaren 5ean, 18:00etan jaitsiko dira Urdaiagatik eta iluntzeko 19:30ak alderako frontoian espero dituzte, Santuenea, Kalezar edota Kaxko inguruak zeharkatu ostean.