Atxilotua izateko falta zaizkion egunak zenbatzen dituen neska gaztea, 17 urte eta gero Euskal Herrira itzultzen den gizona, preso den alabarekin izandako telefono elkarrizketa guztiak kasetetan grabatzen dituen ama, intelektual bat ziegaren bakardadean bere burua topatu nahian, eta 20 urteren ostean, gaztetako lagun zaharrarekin harremana berreskuratzen duen ETAko buru ohia. Bost lagunon istorioek osatzen dute, "Barrura begiratzeko leihoak" filma. Abenduaren 29an Sutegin ikusi ahal izango da, iluntzeko 19:00etan hasita. Herrirak antolatu duen proiekzioa, Josu Martinez, Txaber Larreategi, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea eta Eneko Olasagasti zinegileek zuzendu dute. Bost zinegile ezagun hauek, bost euskal preso politiko erretratatu dituzte.
Olentzerorekin kalejira, astelehenean
Murgiltzear garen eguberriotarako Herrirak antolatu duen hitzorduetako bat da. Baina ez bakarra. Ohi bezala, abenduaren 28an, hilabeteko eta urteko azken ostirala izanik, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko elkarretaratzea deitu dute, iluntzeko 20:00etatik aurrera Mikel Laboa plazan. Eta datorren astelehenerako, hilaren 24rako, presoen aldeko Olentzerorekin kalejira. 17:30etan abiatuko da frontoi ingurutik. Besteak beste, Kantu Taldeak ere bat egin du ekimen honekin. Atzo burutu zen Artzabalen, bost egun barru ospatuko den hitzordua prestatzeko entsegu saioa.
Hitzordu sorta hau, urtarrilaren 12an Bilbon deitua dagoen Herri Mobilizazio Orokorrarekin borobilduko da. Informazio gehiago, urtarrilak12.com web orrialdean jaso dezakezue.