Aurkeztu berri dute, martxoan ospatuko den euskararen aldeko lasterketa ezaguna girotuko duen Korrika Kulturala. Oraingoan, Usurbil hautatu dute antolatzaileek, Korrika Kulturala abiatzeko. Urtarrilaren 26an izango da. Txotx garaia estreinatu berria izango den garai horretan, sagardotegi erraldoi bat kokatu asmo dute Kaxkoan. "Bertan, egun osoko jaieguna antolatuko dugu: herri bazkaria, bertsolariak… eta Esne Beltzaren kontzertua", adierazi dute Korrikako antolatzaileek. Esne Beltza taldekoek sortu dute hain justu, euskara ikasleak omendu asmo dituen Korrika 18ren abestia, "Bagoaz!". Hortik aurrera, datorren euskararen aldeko lasterketa girotuko duten kultur hitzorduak nonahi ospatuko dira, Euskal Herri osoan; mahai inguruak, zuzeneko emanaldiak... tartekatu dira prestatu duten egitarau zabalean.
Karteleran dira, larunbat honetan Usurbilera datozen Pirritx, Porrotx eta Marimototsen lan berriena, "Sentitu, pentsatu, ekin!", "Balitzen ihoa" eta "Pisukideak" antzezlanak edota "Gazta zati bat " dokumentalaren zine foruma. Korrika Kulturalaren eta Korrika 18ren informazio zabala, korrika.org atarian duzue. Datozen asteotan, urtarrilaren 26an Usurbilen ospatuko den jaialdiaren inguruko zehaztasun gehiagoren berri ematen joango dira antolatzaileak.
Usurbilen ere, aurreko edizioetan bezala, Korrika Batzordea osatu da. Lehen bilera aurreko astean burutu zuten. Datorrena, urtarrilaren 15ean, iluntzeko 20:00etan Etumeta AEK euskaltegian.
Irudia: Korrika.