Herriko errotondan ipini ohi du Udalak. Azken bi urteotan ordea, erasotua izan da. Orain arteko Olentzero ezin izan dute berrosatu eta Olentzeroren irudi berri bat ipini behar izan du Udalak (argazkikoa). Aste honetako NOAUA! aldizkarian udal iturriek aditzera eman dutenez, "geurea den Olentzeroren irudia zapuzten saiatu izan dira azken bi urteotan. Euskal mitologiaren ikurra da Olentzero baina batzuentzat, itxuraz, dibertigarriagoa da herriko errotondako irudia hankaz gora botatzea. Behinola Olentzerori burua leherrarazi zioten; eta urtebetera (bururik gabe Usurbildik oinez ibiliko zenaren beldurrez, beharbada) guztiz txikitu zuten. Konponketa lanak besteon eskura utzi zituzten, noski. Ikastolako oporrak hartu berri dituzten haurrek, aurten, Olentzero desberdin bat aurkituko dute betiko errotondan. Azken bi urte hauetan erasoak jasan dituen irudia konpontzea ezinezkoa izan da".
Horregatik, "aurten Olentzero xumeago batek egingo digu ongi-etorria usurbildarroi eta gure herrira datozen bisitariei", hala dio Udalak NOAUA!ra igorri duen idatziak. "Geure buruari harrika ibiltzeak dakartzan ondorioak dira, zalantzarik gabe. Olentzerok burua galdu zuen behin; usurbildarrok gure ohiturei tinko eusten jarrai dezagun, inondik inora zentzurik galdu gabe. Ez da zilegi herriak herriari ikatza oparitzea. Olentzerori burua gal ez dakion eskatzen dugu; eta urtean zehar eskatu dioguna bete dezala opa dugu. Datorren urterako gure etxeetara osasuna eta askatasuna ekar diezagula opari moduan. Eta era berean, geurea dena errespetuz zaintzen eta belaunaldi berriei gure kulturaren ondarea erakusten jarrai dezagula".
Gabonetako gehigarri berezia sarean da
Abenduako azken alearekin batera, Zaloa Arnaizek osatu duen egutegia banatuko dugu eta baita Eguberrietako gehigarri berezia. Paperean egun hauetan banatuko dugu etxe eta baserri guztietan. Baina gehigarria sarean ere topatuko duzue, web orrialde honetako hemerotekan. Hauxe esteka zuzena: Eguberriak 2012 NOAUA gehigarri berezia.