Eguneroko ohiko jarduna eten eta oporretara joan aurretik, gabon kantak abestera kalera irtengo dira ostiral honetan, abenduaren 21ean, Udarregi Ikastolako ikasle eta irakasleak. Hitzordurako egoki jantzita, Kaxko ingurua eguberrietarako girotzen ikusiko ditugu guztiak. Denak, “Txamarra Txartxo”, “Olentzero begi gorri”, “Ator, ator” edo “Alaken” abesten.
Lehenak LH eta DBH zikloetako ikasle eta irakasleak izango dira. Goizeko 9:30etan abiatuko dira ikastolatik eta bi ibilbide desberdin osatuko dituzte. LH-koek Kalezar aldera joko dute. Auzoa zeharkatu eta Kaxkora jaitsi ostean, Bordatxo pareko errotondan abestuko dute, gero Udarregira itzultzeko. DBH-koak Atxegaldetik barrena ibiliko dira, Kale Nagusia edota Eguzkitzaldea zeharkatu eta goiko errotondatik Udarregira itzuliko dira.
11:25 aldera HH-koen txanda izango da. Ikasle, irakasle eta gurasoak kantuan kalejiran irtengo dira Agerialdetik. Frontoirako bidean bi geldialdi egingo dituzte; lehena, Udarregi parean eta bigarrena errotondan. Azkena berriz, frontoian. Urteroko oharra eguerdian, 12:30etan autobusa hartu behar dutenentzat. “Anbulatorio bidean hartuko dute autobusa. Jangelan geratzen direnak, berriz, irakasleekin ikastolara itzuliko dira eta oinezkoak, guraso edo arduradunak frontoian jaso ahal izango dituzue”, ohartarazi dute Udarregitik.
Haur Eskolakoen kalejira, laguntza jasotzeko
Eguerdiko etenaldiaren ostean, ostiral arratsaldez gabon kanten hotsak entzungo dira berriz Kalezar eta Kaxko inguruan. 16:30etan Haur Eskolako haur, hezitzaile eta gurasoak irtengo dira eta abestera. Abenduaren 14ko astekarian, “Noaua Txiki” atalean gogorarazten zutenez, “Haur Eskolan bilduko gara denak, Olentzero, Kottonio astoa, Mari Domingi, Trikitilariak, gu eta gure laguntxoak, familiak… Urduri jartzen gara pentsatu hutsarekin! Eta herrian zehar kalejiratxo bat egingo dugu guztiok batera”.
Frontoian amaituko dute kalejira, elkartasun ekimen batekin. “Materiala berritzeko premia dugunez, beste bide batzuk asmatu eta jorratzeko ekintzak egitea besterik ez zaigu geratzen. Horregatik, txistorra pintxoak, sagardoa eta gaztaina erreak jarriko ditugu salgai frontoian, ibilbide amaieran”, adierazi dute Haur Eskolatik. Kalejiran parte hartzera animatzen dute.
Txistor eta gaztain jana asteburuan, Artzabalen
Santo Tomas eguna Gure Pakea Elkarteak ere ospatu asmo du, ostiral honetan, abenduaren 21ean. Txistor jana antolatu dute Artzabalen, iluntzeko 18:00etan. Ordu eta leku berean baina biharamunean, larunbatean berriz, gaztaina jana. Abenduaren 22an bertan amaituko da bestalde, Gure Pakea Elkarteko zuzendaritza taldea berritzeko hautagaiak aurkezteko epea. Argibide gehiago, Gure Pakeako bulegoan.