Urteko azken plenoa egin da gaur Usurbilgo udaletxean. Arin joango zen kontua zirudien baina alderantziz izan da. Etenaldi bat eta guzti eskatu du Aralarrek, ustez gauza bat aztertzera hurbildu eta plenoan bertan gauzak beste modu batean planteatu direlako.
Harridura eta nahasmena eragin du paga extraren gaiak plenoan. "2012ko abenduko hilari dagokion aparteko ordainsarien ordainketarako aurreikusitako kredituen ez erabilgarritasuna onartzea" zioen gaurko ezohiko plenoko 5. puntuak. Aztergaiaren berri eman denean, oposizioko kideek ez dute alkatearen azalpena ulertu.
Paga extraren afera Espainiako Gobernuaren agindu batetik datorren aldetik, Espainiako Gobernu Delegaritzari gutun bidez erantzungo diola adierazi du alkateak. Eta gutunean esaten dena eman du aditzera jarraian:
"Lehena, Udalak bete du Errege Lege Dekretuan zehazten dena, ez baitu abenduko paga osagarria esaten zaiona ordaindu, ez beste inolako konpentsazio edo ordain-saririk.
Bigarrenik, abenduko nominak urteko gainerako nominen zenbateko berbera du.
Eta hirugarrenik, ez dago aipatutako paga osagarrirako aurreikusitako aurrekontu kredituei buruzko inolako erabakirik hartu beharrik. Izan ere, kreditu hori urte naturalarekin batera agortzen da. Nolanahi ere gure antolamenduak aurrekontu arloan ez du aurreikusten eskarian aipatzen duzun ez erabilgarritasunaren akordioa hartzeko mekanismorik", eman du aditzera alkateak. Aipatu gutunean jasotakoa irakurri ondoren, hau gaineratu du: "hauxe da Espainiako Gobernuari emango diogun erantzuna. Gai hau zerrendan bozkatzea eskatzen dugu orain, baina guk kontrako bozka emango dugu". Prozeduraz, gai hau mahai gainean ezin dela utzi argudiatuz.
Oposizioa, harrituta
"Gaia ez da aztertuko orduan?" galdetu du Hamaikabat-eko zinegotzi den Luismari Ormaetxeak, harritu antzean, eta alkateak ezetz erantzun dio. "Gobernu espainiarrak eskatzen duena beteko bagenu (paga extren) diru hori kontsignatuta geratuko litzateke pentsio planetara bideratzeko", argudiatu du Mertxe Aizpuruak. "Guk esaten duguna da ez dagoela hori egin beharrik, alegia, ez dugula beraiek dioten bezala egingo. Guk ordaintzen ez dugun paga extra hori kontsignatuta utziko dugu, aparte utziko dugu, baina ez dugu beraiek esaten duten moduan erabiliko".
Honen aurrean, Joxe Ramon Furundarena Aralarreko zinegotziaren galdera iritsi da: "ez diezue langileei abenduko diru hori emango?". "Aparteko paga ez, legez ezin dugulako ordaindu", erantzun dio alkateak Furundarenari.
Segidan hitza hartu du berriz ere Luismari Ormaetxeak: "gobernatzeak esan nahi du gauza goxoetan ibiltzea baina gustuko ez diren gauzei ere aurre egitea. Hau ez da gauzei aurre egiteko modu serioa. Hilabeteak pasa behar izaten ditugu Pertsonalgo Batzordeak izateko. Gai hau oso garrantzitsua zen udal langileen ordezkariekin hitz egiteko. Asteak izan ditugu gaiari buruz lasaiago hitz egiteko". Eta gai honetaz plenoan eztabaidatzeko aukera ez izateaz kexu azaldu da Hamaikabat alderdiko udal zinegotzia.
"Ez dugu Espainiako Gobernuaren errekerimendua beteko"
Azalpen horiei honela erantzun dio alkateak: "mahai gainean uztea da azkenean helburua, bestela ere ez genuen sartuko. Prozedura korapilatsu honen bidez egin behar bada atzera botatzea, ba atzera botatzen dugu, ez da besterik. Kontua da momentu batean sartu genuela gai hau baina orain pentsatu dugu ez dela bidezkoa eta gobernu espainiarrak egiten duen errekerimendua ez dugula beteko, berak esaten duen bezala".
Hitz hauen ondoren, bost minutuko etenaldia egin dute, Aralarrek hala eskatuta.
Bost minutuko etenaldia egin da
Etenaldiaren ondoren, Aralarreko Joxe Ramon Furundarenak hartu du hitza: "harrituta geratu gara bi puntu hauekin gertatu dena. Pertsonal Batzordean aurkeztu behar zen puntu bat zen, idazkariaren txostenarekin batera aztertzeko... Beste lasaitasun batekin, denok iritzia emateko aukera izateko. Zure erantzun pertsonal bat bezala joango da delegaritzara baina plenoan ez dugu aztertuko gai hau. Gauzak horrela, gu abstenitu egingo gara", aurreratu du Aralarreko zinegotziak.
"Gobernuaren ardura da gobernatzea eta guk ez dugu hartuko udal gobernuak hartuko beharko lukeen ardura bat edo karga bat", adierazi du ondoren Hamaikabatek, Luis Mari Ormaetxearen ahotan.
"Ez dut uste egiteko moduak direnik. Oso harrituta geratu naiz, zuen ardura da eta ni abstenitu egingo naiz", azaldu du azkenik Ricardo Crespo PSE-EEko udal zinegotziak.
Oposizio osoa, absentzioaren alde
Gaia zerrendan aztertzea berretsi egin da, baina bozketan abstentziora jo du oposizio osoak, hau da, PSE-EE, Hamaikabat eta Aralarreko ordezkari guztiek.
2013ko ordainsarien aurrerapena onartu da
Sortu den ika-mikarekin lotuta dago plenoko seigarren puntua, "2013ko aparteko ordainsariak aurrerapen gisa ordaintzea onartzea" zioena. Alaitz Aizpurua Bilduko udal zinegotziak eman ditu azalpenak. Gai korapilatsua izan dela, irizpide ezberdinak erabili direla beste administrazio batzuetan, eta "guretzat ere gai konplikatua izan da. Guk ere beste patxada batekin erabaki nahi izango genuke, beste erritmo batzuetan lan egin, Pertsonal Batzordean aztertu... Baina azken unera arte ezin izan dira gauzak argi eduki. Baina esan nahi genuke sindikatuekin informazio hau konpartitu dugula eta langileei ere informazioa bidali zaiela. Gaur erabakiko dugun honen berri badute langileek", adierazi du Alaitz Aizpuruak.
"Abenduko paga ez ordaintzeak udal langileen erosteko ahalmenean nabarmenki murrizketa bat suposatzen duenez, horren aurrean proposatzen dugu 2013ko uztaileko nahiz abenduko aparteko ordainsariak 2013ko urtarrileko eta uztaileko lehen asteetara aurreratzea". Aurreratze hori borondatezkoa izango denez, langileek eurek eskatu beharko dute hala egitea.
"Lehen esan bezala, gai hau Pertsonalgo Batzordean lantzeko gaia zen", adierazi du Luismari Ormaetxeak. Langile guztiei informatzea eskatu du, ez bakarrik sindikatuei. "Eta hirugarren puntu bat falta da: kontuhartzaileari eta langile guztiei berri ematea, eta ez dago jasota". Puntu hori gehitzeko arazorik ez dela azaldu du idazkariak.
Ahobatez onartu da aurrerapena
PSE-EEko zinegotziaren galderari erantzunez, "langile guztiei neurri berdina aplikatzen zaie eta gu langileen barruan sartzen gara", aitortu du alkateak. Udal gobernuaren izenean liberatuak daudenak (alkatea eta bi zinegotzi) ez dutela abenduko paga extrarik kobratuko, alegia.
Puntu hau ahobatez onartu da. Beraz, langileek 2013ko ordainsariak aurrerapenez kobratu ahal izango dituzte.
Igerilekuen inguruko ordenantza
Igerilekuen instalazioa arautzeko udal ordenantza ekaina partean abiatu zen. Alegazioak egiteko epean, hiru aurkeztu ziren. Bat onartu da (15 metro kubikoko igerilekuak ere kontuan hartzea), eta beste bi alegazioak atzera bota dira.
Ordenantza honetan igerilekuen erabileraz gain, arau-hausteak eta zigorrak ere zehaztuta geratu dira. Dagoeneko igerilekua dutenek 10 hilabeteko epea izango dute arautegi berrira egokitzeko.
Mertxe Aizpurua alkateak esan duenez, "uraren kontsumoa modu arduratsuan erabiltzea" izango da ordenantza honen helburu nagusietakoa.
Gai honek Bildu, Aralar eta PSE-EEren aldeko bozkak jaso ditu. Hamaikabat alderdiak abstentziora jo du.
Lokal komertzial izandako etxebizitzak, tasatuen pare
Lokal komertzialak etxebizitza gisa erabiltzeko ordenantza onartuta zegoen lehendik ere. Etxebizitza horiek saldu edota alokairuan jarri nahi duenak, gaurko plenoan onartu diren oinarriak jarraitu beharko ditu. Tasatuen izaera izango dute etxebizitza hauek. Honek zer esan nahi du? Finean, zozketa bidez esleituko direla. Beraz, bi zerrenda osatuko dira: salmenta bidez esleituko diren kasuentzako zerrenda bat; alokairuan esleituko direnentzat beste zerrenda bat.
Itxaron-zerrendak osatuko dira eta zerrenda horietan aurkeztu ahal izateko baldintzak zehaztu dira.
Beraz, lokal komertzial izandako etxebizitzak, jabetzan nahiz alokairuan, zozketa bidez arautuak geratu dira. Etxebizitza tasatuekin egiten den moduan.
Plenoko gai honetan, Bilduk eta Aralarrek alde bozkatu dute, PSE-EE eta Hamaikabat alderdiek aldiz, abstentziora jo dute.
Udal zinegotzi guztiak bertaratu dira gaurko plenora, EAJ-PNVko ordezkaria izan ezik.