Badatoz Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak

Noaua Aldizkaria 2012ko abe. 21a, 00:00

Argiaren Lagunak taldekoen eskutik, urtero eguberrietan Pirritx, Porrotx eta Marimotots Oiardo Kiroldegian izaten ditugu. Aurten, “Sentitu, pentsatu, ekin!” izeneko ikuskizunarekin datoz larunbatean, abenduaren 22an. Bi saio eskainiko dituzte; lehena 16:00etan, bigarrena 18:30etatik aurrera. Sarrerak aldez aurretik erosi ahal izango dira, 7 eurotan, Marije arropa dendan, Bordatxo tabernan edo Kiroldegian bertan. Emanaldi egunean ere, sarrera eskuratzeko aukera izango da, 8 euroren truke.

"Ospakizun urtea dugu pailazook aurtengoa, izan ere, amona Josefinak 100 urte beteko baititu! Pirritxen, Porrotxen, Mari Mototsen eta Pupu eta Loreren eskuetako hatzak zein oinetako behatzak ere behar dira halako zenbaki potoloa zenbatu eta osatzeko! Pailazoak eta lagunak amonaren baserrira joango gara gure amona eta jada birramona ere badenarekin festa egitera. Zaharra bezain polita, argia eta irudimentsua da amona. Guztiek zoriondu nahi dute Josefina maitagarria. Bada norbait, ordea, festa zapuztu nahi duena, eta gu oztopatzen saiatuko dena etengabe. Lortuko ote du? Ala maitasuna eta alaitasuna gailenduko ote dira azkenik? Zatoz gurekin batera amona Josefinari zorionak zuri abestera!", luzatu dute gonbita Pirritx, Porrotx, eta Marimototsek.