Aisialdiko ekintzak nagusi, 2013ko lehen egunotan

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 2a, 00:00

Ospatu ditugu eguberriak, agurtu dugu urte zaharra, 2013ari ere ongi etorria eman diogu. Batzuk egunerokotasunera itzuli dira jada. Beste asko ordea, oraindik ez. Eta nabari da hori, egunotarako antolatu diren ekitaldietan. Aisialdiari loturiko ekimenak nagusituko dira urte berriko lehen egunotan.

Gaur arratsalderako adibidez, film proiekzioa antolatu dute Gaztetxean. 17:00etatik aurrera, "Ice Age 3" euskaraz ikusteko aukera egongo da. Ondoren, txokolate gozoa dastatu ahal izango da. Usurbilgo Gaztetxea ospatzen ari den lehen eguberriok borobiltzeko, etzirako, urtarrilaren 4rako, mendi irteera antolatu dute Aralarrera. Goizeko 8:30etan abiatuko dira Usurbildik kotxez. "Txango honen helburua elurretan jolastea eta elkarrekin "txoruana" egitea izango da, beraz, ekarri itzazue trineoak, paipoak, plastiko zatiak eta abar... Goizeko 8:30etan irtengo gara kotxeetan banaturik (kotxea ekartzeko aukera duenak ekarri dezala mesedez)", ohartarazi dute antolatzaileek. Bueltan, babarrun jana egingo dute Gaztetxean. Bazkalostean, "Isuo Sasiia bakarlaria igoko da oholtzara bere abesti eztiekin bazkalostea goxatzera. Isuo Sasiia sarean: http://isuo.bandcamp.com/", berri eman dute Gaztetxetik. 

Gabonetako egitarauaren baitan, Gaztelekukoek ere ekitaldi gehiago iragarri dituzte egunotarako. Saskibaloi partida ikustera joan, patinatzen ibili, edota gabonetako kantuak abesten aritu ostean, ginkana antolatua zuten gaurko. Eta hitzorduok hurrengo egunetarako:

Urtarrilak 2, asteazkena
10:00 Ginkana Gaztelekuan. Nori zuzendua: gazte guztiei. 

Urtarrilak 3, osteguna
10:00 Gaztelekutik Zubieta XXI futbol zelaira bizikletaz. Nori zuzendua: DBH 2. 

Urtarrilak 5, larunbata
10:00 Gaztelekuko horma irudia egitea. Nori zuzendua: DBH 2.

Urtarrilak 12, larunbata
15:00 Guraso bilera Gaztelekuan. Nori zuzendua: DBH 1.mailako ikasleen gurasoak.

Eguberrien ostean... 
Gabonak azken txanpan dira jada. Aurreko asteetan, eguberrietako abestiak kantatzeko kalejirak ospatu ziren, Gabonetako Parkea zabalik egon da Kiroldegian, edota San Silvestre herri lasterketa jendetsua burutu da Kaxkoan. Errege kabalgatarekin eta Tipi-Tapa ekimenaren bigarren edizioarekin agurtuko ditugu aurtengo eguberriak Usurbilen. 

Baina gabonen osterako ere, ekitaldi eskaintza zabala antolatu da herrian. Hasteko, kirol hitzorduak. Batetik, Andatza Mendizale Elkartekoen eskutik, "Pura vida" film proiekzioa urtarrilaren 11rako. Iñaki Otxoa de Olza mendizalearen bizitzako azken uneak jasotzen dituen lana, Donostiako Zinemaldian estreinatu zena Sutegin ikusi ahal izango da. Bestalde, iazkoak izandako harrera ikusita, Andatza BTT taldekoek "Hotzak akabatzen" trabesiaren bigarren edizioa antolatu dute hilaren 27rako. Izen emateko epea zabaldu dute jada, andatza.com web orrian. 

Euskararen aldeko jaialdia
2013a Korrika urtea izango dugu. Korrika 18 martxoan ospatuko da. Baina aurrez, euskararen aldeko lasterketa girotu eta lagundu ohi duen Korrika Kulturala burutzen da. Abiatu berriz, beti udalerri ezberdin batean ospatzen den jaialdi batekin. Datorren Korrika Kulturala, Usurbilen hasiko da. Urtarrilaren 26an egun osoko jaialdia iragarria dago. Euskararen aldeko ekimen hauei lotuta, Korrika Batzordea osatu da herrian. Lanean hasiak dira, hilaren 15ean bilduko dira berriz. 

Euskara bultzatzeko ekimen berri bat; "Nik ere euskaraz lanean". Buruntzaldeko Udalek eskualdeko merkatari eta ostalariei zuzenduriko saioak antolatu dituzte. Hilaren 10ean emango dute zehaztasun guztien berri, Potxoenean deitu duten aurkezpen ekitaldian.

Ingurumen arazoak ere kezka iturri izan ohi dira Usurbilen. Batetik, kea eta usain txarrak salatzeko kutsaduraren aurkako elkarreratzea burutuko da etzi, eta herri batzarra hilaren 11n, Itayaren eskutik. Urtarrilaren 15ean berriz, erradiazio magnetikoei buruzko solasaldia antolatu du Usurbilgo Udalak.

Ahalduntze ikastaroetan, izen ematea irekita
Beste hitzaldi batek emango dio amaiera urtarrilari. Hilaren 31n burutuko den torturaren inguruko solasaldiak hain zuzen. Gai honi buruz, Julen Arzuagak idatzi duen "Oso latza izan da" liburua aurkeztuko da Sutegin. 

Jardunaldiek ere tartea izango dute urtarrileko agendan. Finantza etikoei eta elikadura burujabetzari buruzko saioak burutuko dira, hilaren 24an. 

Tailer eta ikastaroei dagokienez, ogia egiten ikasteko saioa deitua dago urtarrilaren 26an, Usurbiltzenen eskutik. Hilaren 19an, Coaching tailerra. Eta ahalduntze ikastaroak ere antolatu ditu Udalak, orain hasi eta martxora arte. Datorren astean abiatuko dira, "Nire sexualitatea lantzen", "Ahalduntzea eta generoa" eta "Gure emozioak lantzen" izeneko tailerrak. Izen emateko deitu 943 371 951 edo 943 377 110 telefono zenbakietara, edo idatzi parekidetasuna@usurbil.net helbidera.

Amaitzeko, hilabete honetarako antolatu diren beste hainbat ekitaldien artean, aurrerapen moduan, erakusketa bat. Gregorio Arbeloaren seme Eduardoren lanena. Urtarrilaren 14tik 27ra ikusgai izango dira, Sutegin.