Elkarretaratzea eta herri batzarra, kutsadura arazoen harira

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 2a, 00:00

Etzi urtarrilak 4, hilabete honetako lehen ostirala izango dugu. Irailaz geroztik egin bezala, Itaya Gazte Asanbladak kutsaduraren aurkako elkarreratzea deitua du, iluntzeko 20:00etarako Mikel Laboa plazan. Oraingoan ordea, aipatu mobilizazioaz gain, herri batzarra deitu dute baita, urtarrilaren 11rako, 19:00etan Potxoenean. Ke eta usain txarrak eragiten jarraitzen duten kezka, eta konpontzeke dagoen ingurumen alorreko arazo hau hizpide izango dute aipatu hitzorduan. 

"Denbora dezente da Usurbilgo UCIN enpresak botariko kea eta usaina jasaten ari garela, benetan jakin gabe zer sustantzia diren eta hau zenbateraino kaltegarria izan daitekeen gure osasunarentzat. Aluminiozko txatarra urtzen dute labe handi batean, prozesu honetan aluminioaz gain pintura, plastikoak eta mota guztietako produktuak erretzen direlarik. Arazoa ikusirik ITAYA gazte asanblada azken aldian hileroko lehen ostiralean 20:00etan Mikel Laboa plazan kontzentrazioak antolatzen ari da. Hala ere, dirudienez honek ez du UCIN askorik kezkatzen. ITAYA-k deiturik urtarrilak 11n 19:00tan herri batzarra izango da Potxoenean. Herritarrak elkartu eta arazoaren inguruan hitz egingo da, soluzio bat lortzeko asmoz herritarren artean egin daitekeena aztertuko da eta azken helburua lan talde bat sortzea izango da. Animatu eta parte hartu!!", deitzen diete herritarrei NOAUA!ra bidali duten mezu bidez.