Iaz ospatu zen estreinako edizioak izan zuen harrera ikusita, Irisasi BTT taldekoek "Hotzak akabatzen" trabesia antolatu dute berriz, urtarrilaren 27rako. Goizeko 9:30etarako jarri dute proba hasteko hitzordua frontoian. Izen ematea ireki dute jada. Inskripzioa on line egin liteke, hilaren 23ra arte. Federatuek 12 euro ordaindu behar dituzte, 15 euro gainerakoek. Diru sarrera bankuan edo transferentzia bidez egin daiteke. Rural Kutxan, Jorge Beorlegiren izenean, kontu korronte zenbaki honetan: 3008 0259 18 2474609522. Kontzeptuan, partaidearen izen abizenak jarri. Horrekin batera, andatzamendizale.info web orrian eskura daitekeen formularioa bete behar da. Ordainagiria eta lizentzia aurkeztu beharko dira gero, proba egunean bertan. Urtarrilaren 27an halere, izena emateko aukera egongo da, 8:30-9:15 artean. Federatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte, gainerakoek 20 euro.
Trabesian parte hartuko dutenek, urtarrileko azken igandean, goizeko 9:30etan frontoian prest egon beharko dute. Pilotalekua izango da hain zuzen, probaren irteera eta helmuga gunea. 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute. Bizikletarekin batera, kaskoa eramatea ezinbestekoa izango da. Proba ez da lehiakorra izango. Amaieran, barrikote eta guzti, hamaiketako bikaina dastatu ahal izango da. Eta opariak zozketatuko dituzte.