Euskara ikasten ari direnen omenez, urtarrilaren 26ko jaialdia

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 3a, 00:00

Korrika urtea dugu 2013a. Korrika 18 martxoaren 14an abiatuko da Andoaindik eta Euskal Herria alderik alde zeharkatu ostean, hilaren 24an helduko da Baionara. Euskal lasterketa ezagunaren aurretik ordea, ekimena girotzen lagunduko duen Korrika Kulturala ospatuko da. Korrika Kulturala aurtengoan, Usurbilen abiatuko da urtarrilaren 26an ospatuko den jaialdi batekin. Bertan, martxoko Korrikak egin nahi duen bezala, euskara ikasten ari direnak omendu asmo dituzte. Horregatik, euskara ikasleen bilgunean bihurtuko da Usurbil, hilabete honetako azken larunbatean. Ikasleekin txotx erraldoia antolatu asmo dute Dema plazan eta frontoian. Egun osoko jaialdia izango da, goizetik gauerdira luzatuko dena.

Kale animazioarekin hasiko da, omenaldi eta jaialdi hau. Eguerdi partean, bertsolarien saioarekin batera, kupelak irekiko dira. Pintxoak dastatzeko aukera egongo da. Arratsalde partean, ekitaldi nagusia, erromeria eta eguna amaitzeko, iluntzeko 21:00etatik aurrera, Esne Beltzaren kontzertua. Esne Beltzak sortu du hain zuzen, Korrika 18ren abestia; "Bagoaz!" izenekoa. Entzungai da jada sarean. Hilaren 26ko jaialdirako sarrerak 10 eurotan salgai izango dira AEKren euskaltegietan, aek.org web orriak aditzera eman duenez. Informazio gehiago, aipatu web orrian, baita korrika.org atarian ere.