Kutsaduraren aurkako elkarretaratzea gaur 20:00etan, Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 4a, 00:00

Urtarrileko lehen ostirala, kutsaduraren aurkako elkarretaratze eguna dugu ostiral hau. Irailaz geroztik egin izan duten moduan, Itayak herritarrak mobilizatzera deitzen ditu gaur iluntzeko 20:00etan, Mikel Laboa plazan. Kontzentrazio honen bidez, "UCIN gure osasunarekin jolasten" ari dela salatu nahi da. Hasieran Atxegalden, N-634 errepide ondoan, eta azaroaz geroztik Kaxkoan hilero burutzen den ekimen honekin batera, oraingoan, herri batzarra deitu dute gazte asanbladakoek hurrengo ostiralerako, urtarrilaren 11rako. Hainbat herritarrek pairatu behar izaten duen usain txar eta kea eragiten ari den arazoaren aurrean, "bildu eta zer egin dezakegun aztertzeko" antolatu dute asanblada, iluntzeko 19:00etan Potxoenean. 

"Denbora dezente da Usurbilgo UCIN enpresak botariko kea eta usaina jasaten ari garela, benetan jakin gabe zer sustantzia diren eta hau zenbateraino kaltegarria izan daitekeen gure osasunarentzat. Aluminiozko txatarra urtzen dute labe handi batean, prozesu honetan aluminioaz gain pintura, plastikoak eta mota guztietako produktuak erretzen direlarik. Arazoa ikusirik ITAYA gazte asanblada azken aldian hileroko lehen ostiralean 20:00etan Mikel Laboa plazan kontzentrazioak antolatzen ari da. Hala ere, dirudienez honek ez du UCIN askorik kezkatzen. ITAYA-k deiturik urtarrilak 11n 19:00tan herri batzarra izango da Potxoenean. Herritarrak elkartu eta arazoaren inguruan hitz egingo da, soluzio bat lortzeko asmoz herritarren artean egin daitekeena aztertuko da eta azken helburua lan talde bat sortzea izango da. Animatu eta parte hartu!!", deitzen diete herritarrei NOAUA!ra bidali duten mezu bidez.

Erradiazio elektromagnetikoei buruzko solasaldia
Ingurumen alorreko beste arazo bat hizpide izango du bestalde, Usurbilgo Udalak urtarrilaren 15erako antolatu duen solasaldiak. "Erradiazio elektromagnetikoa eta osasuna" ahotan hartuko ditu udal ingurumen alorreko zinegotzi eta sare informatikoen arloan EHUko irakasle den Jose Maria Rivadeneyrak. Erradiazio elektromagnetikoa zer den, osasunarentzat kaltegarria ote den, edota aditu desberdinek gai honen inguruan diotenaren berri emango du gobernu taldeko kideak, hilaren 15ean, iluntzeko 19:00etan hasita Potxoenean.

Usurbilgo Udaleko udalbatzak gai honi loturiko mozioa onartu zuen aho batez, joan den azaroaren 27an burutu zen osoko ohiko bilkuran. Modu honetan, Europako Kontseiluko Legebiltzarkideen Batzarrak onartua duen ebazpenarekin bat egin zuen Udalak. Udal ordezkari guztien babesa jaso zuen testuak zioenez gainera, "Usurbilgo Udal Batzarra, aipaturiko ebazpenean jasotzen diren gomendioak Usurbilgo eraikin publikoetan ezartzearen alde agertzen da, Gipuzkoako Batzar Nagusiek bere 2012-6-22 eguneko 72/2012 ebazpenean eskatutakoari kasu eginez". 

Mozioak oso modu argian jasotzen du, Europako Kontseiluak onarturiko ebazpenak egiten duen jakinarazpena: "Zuhurtzia Printzipioa erabili behar da balorazio zientifikoak ezin duenean zehazki ezarri zein den benetako arriskua. Populazioaren esposizioa gero eta handiagoa dela ikusita, eta bereziki kalteberak diren gazteak eta umeak, eragindako giza-kostuak eta kostu ekonomikoak ikaragarriak izan daitezke garaiz egindako oharpenei kasu egiten ez bazaie". 

Horregatik, Europatik alor honetan neurriak hartzeko deia egiten dute. "Eremu elektromagnetikoekiko esposizioa gutxitzeko zentzuzko neurriak hartzea, bereziki telefono mugikorrek igorritakoak, eta partikularki umeen eta gazteen esposizioa gutxitzea, hauen kasuan buruko tumoreak garatzeko arrisku handiagoa dela dirudi eta". Azaroa amaieran, udalbatzak aho batez onartu zuen testuak, Europatik proposaturiko neurrietako batzuk jasotzen ditu:
-"Barruan mikrouhinen esposiziorako epe luzeko mugak ezartzea, Zuhurtzia Printzipioa jarraituz, 0,6 Voltio/metro gainditu gabekoak".
-"Lehentasuna eman, bereziki umeentzako eta orokorrean eskoletan eta geletan, kable bidezko Interneterako sarbideei, eta zorrotz arautu ikasleen telefonoen erabilera eskolan bertan".
-"Hirigintzako arauak ezarri etxebizitzen eta tentsio altuko lineen eta beste instalazio elektrikoen arteko distantzia segurua behartzeko".