Errege egunez, urtarrilaren 6an ospatuko da Hurbilago Elkarteak antolaturiko II. Tipi-Tapa ekimena. Oraingoan, txangurrua izango da egitasmo honetan parte hartzen duten, Txapeldun, Artzabal, Bordatxo, Aitzaga eta Txiriboga tabernek elaboratuko dituzten pintxoen osagai nagusia. "Txangurruz betetako piperrak, itsaski-salpikoia ogi txigortuan, txangurru-budina, txangurru gutizia eta txangurruz betetako txanpiak plantxan", zizka-mizka hauek dastatu ahal izango dira igande goiz eta eguerdi partean, Hurbilagotik prentsa ohar bidez berri eman dutenez.
Jatekoan bakarrik ez, pintxoak dastatzeko edarian ere nobedaderik izango da. Abenduan, 2 euroren truke, zizka-mizkarekin batera, sagardoa, txakolina edo urteko ardoa (gorria, zuria edo beltza) edan zitekeen. Oraingoan ordea, edari eskaintza zabaltzea erabaki dute ekimen honen antolatzaileek. Zuritoa, muztioa eta ura ere aukeran izango dira Errege egunean. Edaririk gabe, pintxoa bakarrik dastatu nahi duenak, gogoan izan, jatekoa 1,5 eurotan eskuratu ahal izango du.
Abenduko txartela, ez bota
Tipi-Taparen lehen edizioa abendu hasieran ospatu zen, bigarrena Errege Egunez izango da. Eta hortik aurrera, ekainera arte, hilero lehen igandean. Bi hilean behin berriz, 300 euroko erosketa-balea zozketatuko da, pintxoak dastatzen dituztenen artean. Zozketan parte hartzeko egin beharrekoak ez du misteriorik. Tipi-Tapa egitasmoarekin bat egin duten bost edaritegietan Tipi-Tapa txartela lortu, eta bost tabernetan pintxoak dastatzen joan ahala zigiluak lortu behar dira. Bost zigiluak eskuratutakoan, esku artean izan duzuen txartela, Aitzaga, Txiriboga, Bordatxo, Txapeldun edo Artzabalen egongo diren kutxetako batera bota eta kito. Abenduan aipatu txartela eskuratu eta zigiluak lortzen hasi bazineten, txartela ez bota, igande honetan erabili eta falta zaizkizuen zigiluak lortu ahal izango dituzue. Datorren zozketa otsaileko Tipi-Tapan izango da, hilaren 3an.
Irudia: Hurbilago.