Ostiraleko herri batzarrean parte hartzeko deia Itayatik

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 7a, 00:00

Urtarrileko lehen ostirala izanik, kutsaduraren aurkako elkarretaratzea burutu zen hilaren 5eko iluntzean, Mikel Laboa plazan. Itaya Gazte Asanbladak deituriko mobilizazio honen bidez, ke eta usain txarren arazoak konpontzeke jarraitzen duela gogorarazi zen. Irailaz geroztik deitu izan duten ekimen honen pankartak "UCINek gure osasunarekin jolasten du" salaketa aldarria jaso zuen beste behin. Oraingoan ordea, pankarta berean, Itayak ostiral honetarako, urtarrilaren 11rako egin duen deialdiaren berri ematen zen. Herri batzarra antolatu baitu gazte asanbladak, ostiral iluntzeko 19:00etarako Potxoenean. Herritarrak lau egun barrurako deitua dagoen hitzordura gerturatzera deitu zituzten. 

Aurretik, hilaren 11rako deialdiaren nondik norakoak argitzen zituen mezua helaraz zuten Itayakoek NOAUA!ra. "Denbora dezente da Usurbilgo UCIN enpresak botariko kea eta usaina jasaten ari garela, benetan jakin gabe zer sustantzia diren eta hau zenbateraino kaltegarria izan daitekeen gure osasunarentzat. Aluminiozko txatarra urtzen dute labe handi batean, prozesu honetan aluminioaz gain pintura, plastikoak eta mota guztietako produktuak erretzen direlarik. Arazoa ikusirik ITAYA gazte asanblada azken aldian hileroko lehen ostiralean 20:00etan Mikel Laboa plazan kontzentrazioak antolatzen ari da. Hala ere, dirudienez honek ez du UCIN askorik kezkatzen. ITAYA-k deiturik urtarrilak 11n 19:00tan herri batzarra izango da Potxoenean. Herritarrak elkartu eta arazoaren inguruan hitz egingo da, soluzio bat lortzeko asmoz herritarren artean egin daitekeena aztertuko da eta azken helburua lan talde bat sortzea izango da. Animatu eta parte hartu!!", deitzen diete herritarrei NOAUA!ra bidali duten mezu bidez.