Iñaki Otxoa de Olzaren "Pura vida", ostiralean Sutegin

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 7a, 00:00

Iñaki Otxoa de Olza mendizalearen erreskate saiakera eta bere bizitzako azken egunak ezagutzera ematen dituen “Pura vida” film dokumentala Sutegira ekartzea lortu du Andatza Mendizale Elkarteak. Joan den Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten ostiral honetan, urtarrilaren 11n, 19:30etan kultur etxeko auditorioan ikusi ahal izango den lana. Pablo Iraburuk eta Migueltxo Molinak zuzendutakoa da. “Pura vida-the ridge” izeneko lanari buruzko informazio gehiago, izen bereko web orrialdean jaso dezakezue: www.puravidatheridge.com. Web orriak, besteak beste, film dokumental honetan ikusi ahal izango dena aurreratzen dute: “Annapurnaren hego-isurialdean, 7.400 metroko altueran, Iñaki Otxoa de Olza azkenetan dago. Berarekin dagoen kordadako lagunak alarma-oihua ematen du. Eta munduaren beste puntatik, himalayismoaren historian aurrekaririk ez duen erreskatea antolatzen da. Egin dituen tontorrez harago, Iñaki aparta da. Halaber, apartak dira haren bizitza salbatzeko erreskate-lanak eta salbamenduan bizitza arriskuan jartzen duten pertsonak. Haien araua bizitzea baita. Modu posible bakarrean bizitzea: intentsitatez eta zoriontasunez”.